Burdin Aroa induskatzeko parada

Julene Frantzesena 2017ko uzt. 13a, 09:32

Astelehenean hasi ziren Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi herrixkan indusketak egiten. Hogei bat lagun hilaren 29ra arte ariko dira han lanean, eta bisita gidatu bat eskainiko dute.

Hainbat lagun atzo Munoaundin lanean. (Antxoka Martinez) Aski jakina da uda sasoian izaten dela zer eginik han eta hemen. Oporrak batzuek, eta lana besteek, baina bada oporraldia lan bereziak egiteko hartzen duen jenderik. Azken udetako legez, astelehenaz geroztik, hainbat lagun ari da indusketak egiten Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategian. Hilaren 29ra arte ariko dira Burdin Aroko gunean lanean, Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. 2004an hasi ziren Munoaundi herrixkan zundaketak eta miaketak egiten, eta handik urtebetera ekin zieten indusketei. Aurtengoa indusketen hamabigarren ekinaldia da, eta, batez beste, hiru astetan hogei lagun ariko dira bertan lanean. Hainbat tokitatik etorri da jendea lanera: Madril, Katalunia, Malaga, Almeria, Valentzia, Zaragoza... Eta Euskal Herriko hainbat txokotako lagunak ere paraje horretan dabiltza indusketak egiten, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak. Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea da Munoaundiko indusketen zuzendaria. Hark azaldu duenez, batez ere, arkeologia ikasketak egiten ari diren lagunak ari dira parte hartzen ekinaldian. "Gazteentzat urtean zehar unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera da. Izan ere, ikasten dutena ikus dezakete. Arkeologia oso praktikoa da izatez, baina ikaste prozesuan ez dute indusketak-eta egiteko aukera handirik izaten. Teoria garrantzitsua da, noski, baina lanean ere asko ikasten da, eta indusketa hauek aukera ona dira trebatzeko". Martinezek adierazi duenez, proiektuaren bigarren fasean ari dira lanean azken urteotan. "Aurreko urteetako ildoei jarraituz ari gara lanean. Bost urterako plangintza egin genuen bigarren faserako, eta aurtengoa fase horren barruko laugarren urtea da. Harresi eta sarbide inguruak aztertzen ari gara, eta helburua da Munoaundi herrixka gotortuko bizitokiak aztertzea. Horregatik jo dugu harresi aldera". Aranzadiko kideak jakinarazi duenez, herrixkaren sarbidea da Munoaundiren ezaugarri nagusia: "Nahikoa berezia da herrixkarako sarbide sistema, eta hori ere ikertzen ari gara". Arkeologoa izanik, urteotan hainbat aurkikuntza "garrantzitsu" egin dutela dio Martinezek. "Aipagarriena da txabola baten azken aztarna aurkitu izana. Zoruan indusketa egin genuen, eta zulotxo batekin egin genuen topo. Han zeramikazko ontzi bat topatu genuen, ia-ia osorik". Arkeologoak dio Gipuzkoan proto-historian aurkitu den eta osorik dagoen lehen ontzia izan zela hura. "Bigarren Burdin Arokoa da aztarnategia, eta sasoi haren inguruko informazio asko aurkitu dugu. Gauza ikusgarririk ez dugu topatu, baina arkeologoon ikuspuntua oso bestelakoa da. Izan ere, guretzat halako aurkikuntzak egitea oso garrantzitsua da, barruan duen lurrak-eta informazio asko eman diezagukeelako". Martinezen arabera, horrelakoek ahalbidetzen diete Munoaundi gisako aztarnategietan bizi zen jendearen nondik norakoak ezagutzea, eta historiaurrera, duela 2500 bat urtera, atzera bidaia egitea. Indusketen garrantziaz ohartarazi du Aranzadiko kideak; izan ere, hark uste du historiaren zatitxo bat direla. "Historiako gertakari garrantzitsuei erreparatzen diegu askotan, baina ez dakigu hainbat urtetan, egunerokoan, zer gertatu zen. Paleolitoan edo Brontze Aroan gertatutakoaren gisan, garrantzitsua da  Burdin Aroan jazotakoa. Gainera, historian sartu aurreko garaia izan zen Burdin Aroa; inflexio puntua, nahiz eta historia jarraikorra den. Hala, gure arbasoen historiaren zatitxo bat dago Munoaundin. Ondarea da". Bisita gidatua, aurki Udan indusketak egiten dituzten aldiro, herritarrentzat bisita gidatuak antolatzen dituzte. Martinezen arabera, "garrantzitsuak" dira bisita horiek, herritarrek azalpenak entzun eta galderak egin ditzaketelako. Gainerako urte sasoi guztietan ere egin daitezke bisitak norbere kasa, baina azaldu du litekeena dela indusketa gunea itxita egotea. Arkeologoak aztarnategiaren balioa nabarmendu du, eta herritarrak gonbidatu ditu uztaileko azken astean egingo duten bisitara: "Eskualdean Munoaundi da Burdin Aroko herri harresitu bakarra, eta jendeak ez du gunea ezagutzen". Arbasoen bizitokira, Burdin Aroko herrixka gotortura, bidaia egin nahi dutenek aurki izango dute historiaurrera jauzia egiteko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide