Marea Arroxako kideak eta iazko txapelketa irabazi zuen soziedadekoak, Zelai Luze elkartean. (Maialen Etxaniz)
Hamar urte beteko ditu aurten Marea Arroxak antolatutako Bakailao Txapelketak. Horren harira, eta "bazkalostea gehiago girotzeko", berrikuntzak gehitu dizkio jai herrikoien batzordeak abuztuaren 1eko egitarauari.
Atzo, astelehena, azaldu zituzten aurtengo edizioaren xehetasunak Marea Arroxako kideek, Zelai Luze soziedadean. Iaz, elkarte horretako kideek eraman zuten txapelketaren goilare erraldoia, eta festa batzordeak urtero egiten duen moduan, soziedade irabazlearen elkartean egin zuen agerraldia. Bertan, datorren abuztuaren 1ean txapelketak hamar urte beteko dituela gogoratu zuten Haujijijai batzordeko kideek: "Duela hamar urte egin zen lehen aldiz bakailao txapelketa, adin ezberdinetako herritarrengana iristeko nahia zegoelako. Horrez gain, instituzioei egiten zaien harreraren garaian herritarrei festaz gozatzen jarraitzeko eta jaietan parte-hartzeko aukera bat eskaini nahi zitzaien".
Azken urteetan txapelketak izan duen parte hartzea eta harrera "oso ona" izan dela ikusita, aurten ere hala izatea nahi dute Marea Arroxako kideek. Horregatik, herritar oro gonbidatu dute txapelketan parte hartzera eta "pil-pilean jartzera". Era berean, iaz parte-hartzeak behera egin zuela gogoratu dute, eta aurten hori gerta ez dadin beren ahalegin guztia jartzeko prest agertu dira Marea Arroxako kideak.
Bestalde, bakailao txapelketaren ostean Azoka Plazan egiten den bazkariari "freskotasun eta bizi pixka bat emateko", aurten hainbat berrikuntza gehitu dizkiote. Bertan lehiaketan prestatutako bakailaoa dastatzeko aukera izaten dute bertaratzen direnek. Horrez gain, bazkarian sartzen dira Azpeitian bertan jasotako barazkiekin egindako entsalada, postrea (gazta eta irasagarra) eta edaria. Otorduak 20 euroko prezioa izango du langileentzat, eta langabe eta ikasleek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Bazkalostean bertso saioa izango da aurtengoan, trikitilariek girotuta. Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Aitor Salegi eta Maider Arregi ariko dira kantuan. 19:00etan Emakumeok Plazara egitasmoak hartuko dio lekukoa bazkariari. Marea Arroxak aurreratu du aurtengoan hainbat emakume musikarik hartuko dutela plaza abuztuaren 1ean.