'Hiru lore beltz' emanaldiaren sustatzaileetako batzuk. (Elkar-ekin)
Duela 44 urte hiru gizon hil ziren Ezpeletako (Lapurdi) mendi elurtuetan hotzez, gosez nahiz bakardadez. Migratzaileak ziren, Senegalekoak, eta trafikatzaileek, Portugaldik Euskal Herrira iristean, abandonatu egin zituzten. Gertakizun hori du abiapuntu eta ardatz
Hiru lore beltz ikuskizunak. Uztailaren 28an taularatuko dute emanaldia hainbat herritarrek, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
Dinamoak, Elkar-ekinek eta herriko hainbat sortzailek sortu dute hitzak, hotsak eta irudiak uztartuko dituen emanaldia. "Egungo Azpeitiko sormenaren eta sentiberatasunaren erakusgarri eta lagin izan nahiko luke", azaldu dute antolatzaileek. Hainbat diziplina landuko dute ikuskizunean, hala nola bertsoa, abestia, dantza, poesia, irudia, bideoa eta antzerkia.
Xalbadorren bertsoa
Gertakari lazarri haren aurrean, Fernando Aire
Xalbadorek idatzitako Mendian galdu direnei bertso sortaren hezurduaren gainean osatu dute "elkartasun ezaren eta elkartasun nahiaren" inguruko ikuskizuna. "Orain dela 44 urteko elurrak ezin du dena zuritu, eta gaur egungo migrazioaren bidegabekeriaren aurrean geure zainak agintzen digu isilik ez egotea", azaldu dute emanaldiaren sustatzaileek.