Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eguerdian inauguratu dute Esklaben eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren eraikinaren arteko gunean egin duten parke berria.
Aisialdirako eta naturaz gozatzeko gune berria dute eskura azpeitiarrek gaurtik aurrera. Izan ere, eguerdian inauguratu dute Izarraizko Atea parke berria. Esklabetako eraikinaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren artean, Jesus eta Maria komentuaren atzekaldean, 18.000 metro karratuko eremuan eraiki du Udalak parkea, bere jabetzako lurretan. Eneko Etxeberria alkateak, Josu Labaka eta Leire Goenaga zinegotziek eta Iñigo Segurola paisajistak parte hartu dute ekitaldian; eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko udalekuetako umeak izan dira parke berrian gozatua hartu duten aurrenak, urarekin jolasean.
Izan ere, belardiak, zuhaitzak eta ura dira parke berriko osagai nagusiak. Zabalgune nagusiaren tontorrean, zorutik ateratzen diren ur txorrotekin hornitutako gunea du parkeak, inguruan eserlekuak dituela; parkearen disenuaren ardura izan duen Segurolaren hitzetan, hori da parkeko "plaza, topagune nagusia". Hortik behera, harriz, landarez eta hondarrez inguratutako urmaela. Pare horretan Izarraiztik jaisten den errekatxoaren urarekin hornituko da urmaela urte sasoi gehienetan; udan, aldiz, gaurko egunez bezala, lehortuta egoten da sarri errekatxoa eta, horregatik, urmaela beteta mantentzeko uraren birzirkulazio sistema bat jarri dute, punpa bidez, ura urmaeletik errekatxo hasieraraino eta handik berriro beheruntz ibil dadin. "Lekuan zegoen baliabide nagusi bati, urari, etekina atera zaio", azaldu du Segurolak; Izarraitz "ur biltegi erraldoia" dela ekarri du gogora, bere aldetik, Etxeberriak.
Urarekin egin duten bezala, inguruak eskaintzen dituen gainerako elementu naturalekin integratuta, "eta Izarraitzen erabateko presentziarekin" osatu nahi izan dute parkea, Segurolak adierazi duenez. "Urmaela egiteko ateratako lurrarekin tontor batzuk egin dira, eta tontor horietan landatu dira pagoak. Uraren ardatzean, berriz, sahats negartiak landatu dira, 28, guztira". Berdegunean barreiatuta, berriz, astigarrak ere landatu dituzte.
Parkearen izenak adierazten duen bezala, Izarraitz aldera igotzeko atea ere bada gune berria. Mendialdera zegoen penditza leundu egin dute, oinez edo bizikletaz erosoago ibiltzeko bidezidorrak sortuz, parkearen goikaldera zein handik gora Izarraitz aldera joan nahi dutenentzat.
Segurola oso gustura azaldu da egindako lanaren emaitzarekin, "benetan gune ikusgarria" sortu dela esan du. Labakak, bere aldetik, baliabide naturalen "erabilera jasangarria" nabarmendu du, parke berriaren helburua natur ingurunearekiko "sentsibilizazioa" lantzea ere badela azpimarratuta.
[flickr_set id="72157683136916683"]