Atzo Azpeitian gertatutako lan istripua salatu dute berrehundik gora herritarrek plazan

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 4a

Urrestillako Olalde industrialdeko Astigarraga Kit Line enpresan gertatu zen atzo ezbeharra. Arratsaldean plazan egindako elkarretaratzeaz gain, eguerdian lantegiaren aurrean egin dute.

Berrehundik gora lagunek elkarretaratzea egin dute plazan, atzo Astigarraga Kit Line enpresan langile baten heriotza eragin zuen lan istripua salatzeko. Prekarietatea hiltzailea! Lan istripurik ez! lelopean deitu dute kontzentrazioa LABek, ELAk, EH Bilduk, Gaztetxiek, CNTk, Ernaik eta Elkar-ekinek. 300 herritar inguru batu da deialdira. Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, kontzentrazioa deitu duten eragileetako kideak, hildakoaren lankideak eta senideak, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak, herriko beste enpresa batzuetako beharginak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Agustin Lizarralde zinegotzia. Isiltasunak hartu du plaza 19:00etan, baina elkartasunez eta salaketez jantzitako elkarretaratzea amaitzean, hartu dute hitza kontzentrazioaren deitzaileek. Hasteko, elkartasun eta hurbiltasuna erakutsi diete atzo Azpeitian eta Arratian – Bediako  Forjas Unidas Vascas enpresako langile bat hil zen han, lanean ari zela buruan kolpea jasota–  hil ziren bi langileen senideei, lagunei eta lankideei. Era berean, azpimarratu dute istripu horiek ez zirela izan "zoriaren ondorio". Eguerdian, Urrestillako Olalde industriagunean dagoen lantegiaren atarian egin dute elkarretaratzea. Han izan dira, besteak beste, hildakoaren lankideak, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, beste enpresa batzuetako beharginak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josu Labaka zinegotzia. Enpresa Batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egin dute hango beharginak. Atzo eguerdian gertatu zen ezbeharra, Urrestillako Olalde industriagunean dagoen enpresan. Produktuak ontziratzeko makina batean harrapatuta geratu zen behargina, eta bertan hil zen. Jaiotzez azkoitiarra, 51 urte zituen Azpeitiko bizilagunak. Enpresak ikerketa abiatu du istripua argitzeko.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide