'Lan istripu gehiagorik ez' lelopean egin duten elkarretaratzea, eguerdian. (Julene Frantzesena)
Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresan atzo langile baten
heriotza eragin zuen istripua salatzeko, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek Urrestillako Olalde industriagunean dagoen lantegiaren atarian. Han izan dira, besteak beste, hildakoaren lankideak, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, beste enpresa batzuetako beharginak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josu Labaka zinegotzia.
LABeko ordezkari batek adierazpenak egin ditu elkarretaratzearen ostean, eta hark salatu du lan istripuak "arazo estrukturala" direla. Gainera, elkartasuna adierazi die hildako beharginaren gertukoei, eta gogorarazi du atzo bi langile hil zirela Euskal Herrian –Bediako Forvasa enpresan hil zen beste langile bat atzo–. Hona hemen, LABeko ordezkariaren adierazpenak bideoan:
https://www.youtube.com/watch?v=fHkt2VSDRrw
Enpresa Batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egiten ari dira hango beharginak. Era berean, Azpeitiko zazpi eragilek deituta — LAB, ELA, EH Bildu, Gaztetxie, CNT, Ernai eta Elkar-ekin–,
elkarretaratzea egingo dute arratsaldean, 19:00etan.
Prekarietatea hiltzailea, lan istripurik ez lelopean elkartuko dira plazan, eta herritarrei protestara bertaratzeko deia egin die.
Atzo eguerdian gertatu zen ezbeharra, Urrestillako Olalde industriagunean dagoen enpresan. Produktuak ontziratzeko makina batean harrapatuta geratu zen behargina, eta bertan hil zen. Jaiotzez azkoitiarra, 51 urte zituen Azpeitiko bizilagunak. Enpresak ikerketa abiatu du istripua argitzeko.
Azpeitiko Ernaik ere salatu du ezbeharra, honako bideo honen bidez:
https://www.youtube.com/watch?v=yXDac0oeDYo
Hildako hirugarren langilea
Urtea hasi zenetik bost lan istripu izan dira Urola Erdiko enpresetan, eta hiru langile hil eta beste bi zauritu dira ezbehar horietan.
Otsailaren hasieran gertatu zen urteko lehenengo lan istripua,
Azkoitiko Ibarmia enpresan. Haren ondorioz, 35 urteko langile bat hil zen. Apirilaren 29an, berriz, langile bat zauritu egin zen Glual Taldeko Azpeitiko
Burni enpresan, altuera batetik erori ostean. Azkoitian, urteko bigarren lan istripu larria
Erlo enpresan gertatu zen, maiatzaren 3an. Makina batek 62 urteko behargina azpian harrapatu ostean, Donostiako ospitalean hil zen langilea. Maiatzaren 23an beste lan istripu bat izan zen
Azpeitiko Lan Mobel enpresan. Makina batean harrapatuta gelditu zen langilea, eta kolpeak eta hausturak eragin zizkion ezbeharrak. Ospitalera eraman zuten gizonezkoa, zauri larririk gabe.