Murgiondo eta Odriozola: "Afizioari eskertu nahi diogu txapelketan erakutsi digun babesa"

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 28a

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko du Azpeitiak zapatuan, Oiartzungo taldearen aurka. Atano III.a pilotalekuan izango da neurketa, 16:30ean hasita. Azpeitiko pilotariek gaur egingo dituzte entrenamenduak finalaren eszenatokian bertan, eta datozen egunetan jakinaraziko dute zein diren zapatuan jokatuko duten pilotariak. Finalerako atzera kontua hasi da, eta Dani Murgiondo pilotariarekin eta Javier Odriozola botileroarekin solasean aritu da Uztarria.eus

Daniel Murgiondo eta Javier Odriozola. (Maialen Etxaniz) Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalaren atarian, nola dago Azpeitiko taldea? Daniel Murgiondo: Taldea nahiko fuerte ikusten dugu aurten. Gazteak diren arren, kadeteak oso lan ona egiten ari dira, [Unai] Alberdi batez ere. Jubenilek erakutsi duten maila ere ona da, eta txukun bete dute beren lana. Senior mailari dagokionez, zer esango dizut ba... (kar, kar, kar). Markelek eta biok urte dezente daramatzagu pilotan, eta uste dut oraingoz itxura ona eman dugula. Hala ere, ezin jakin zer gertatuko den finalean. Urduritasunak eragin handia izaten du horrelakoetan, eta presioa handia izaten da. Nola duzue asteko agenda?  Javier Odriozola: Gaur, asteazkena, entrenamenduak egingo ditugu Donostian, baina piloten aukeraketa finalaren egunean bertan egingo dugu. Danik [Murgiondo] gaur beste partida bat duenez, ez du gurekin entrenatuko. D.M.: Aste gogorra dut aurretik. Gaur partida bat, bihar beste bat, eta gaurkoa irabazten badut igandean beste neurketa bat jokatu beharko dut. Finala irabaziz gero, ospatzeko ia tarterik ere ez dut izango... Aurten, material aukeraketa finalaren egunean egingo duzue. Horrek izango al du eraginik?  J.O: Alde batetik, aukera ona izan daiteke piloten aukeraketa finalaren aurretik egitea, tenperatura egunean egunekoa izaten baita. Baina bestetik, pilotak aurrez aukeratu izan bagenitu, ez genuke ordu jakin batean hara [pilotalekura] joan beharko. Finalaren eguna mugimendu handikoa izaten da: fitxak hartu, hara eta hona ibili, guztia ondo al dagoen begiratu... gauza asko egoten dira egiteko, eta orain besteegin behar bat gehitu zaigu. Baina, tira, ez dago gaizki. D.M.: Nik uste dut pilotak egunean bertan aukeratzeak ez duela eraginik izango. Markel Etxaniz aurreneko partidan lesionatu zen. Horrek erabakiak hartzera bultzatu zintuzten, eta Javier Odriozolak jokatu zuen Etxanizen ordez... D.M.: Eta jokatu zuenak oso ondo bete zuen bere lana. Niretzako ohore bat izan da Javirekin kantxa elkarbanatzea eta partidak jokatzea. Oso gustora jardun dut berarekin. J.O: Hasieran urduri nengoen, aspaldian zuriz jantzi gabe nengoen eta, baina behin kantxara irten eta izerdi pixka bat botatakoan, gustura aritu eta sentitu nintzen. Jokatu ditudan neurketek anekdota bat utzi dute: partida guztietan markagailua 22-21 gelditu da. Tolosaren aurkako itzulerako partidan arantza txiki bat gelditu zitzaigun. Izan ere, markagailuan 21-15 aurretik gindoazela tolosarrak aurreratu zitzaizkigun, eta 21-22 galdu genuen neurketa. Azkoitiarren aurka, berriz, alderantzizkoa gertatu zen: ia partida guztian atzetik joan ginen markagailuan, eta azkenean garaipena lortu genuen.  
Elkarrizketa osorik, uztarria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide