Asier Blas. (Hitza)
Migrazioak eta eskuin muturraren gorakada lotura zuzena duten fenomenoak al dira?
Errefuxiatuei buruz eta Ekialde Hurbilaz hitz egitea zen nire asmoa. Konexio hori egitea oso zaila egiten zait. Eskuin muturraren gorakadaren arrazoi nagusia da pobreen eta aberatsen arteko distantziak handitzen ari direla, eta jende asko geroz eta baztertuago dagoela sozioekonomikoki.
Beste gauza bat da, erabili egiten dituela eskuin muturrak errefuxiatuak, lehiatu dezaketelako eskasia hori banatzerakoan. Taktika bat da eta erabilgarria da, ezkerretik ez dagoelako proposamen birbanatzailerik. Ezkerra jokoz kanpo dagoenez, eserlekua libre utzi du, eta eskuin muturrak erabiltzen du desberdintasun sozioekonomiko hori bere alde.
Ekialde Hurbileko gatazketatik ihesi datoz errefuxiatuak. Nola baloratzen duzu EBren jarrera kontu honetan?
Errefuxiatuena ez da fenomeno metereologiko bat. Errefuxiatuak baldin badaude da, besteak beste, Europako Batasuneko herrialde batzuek, nazioarteko legediak hautsita, bonbardaketak egiten dituztelako atzerriko herrialdeetan, eta ez hori bakarrik: babestu egiten dituztelako bertan Al-Qaedaren taldeak, eta estatu kolpeak eta gobernu aldaketak sustatzen dituztelako... Hau da, gure estatuek daukaten esku hartzeagatik dator errefuxiatuena. Eta bada nahikoa bitxia ikustea, 2003ko
Gerrarik ez oihua nola bilakatu den orain
Errefuxiatuak ongi etorri. Horrekin ez dut esan nahi errefuxiatuei ez zaienik harrerarik egin behar, guztiz kontrakoa. Baina egiten dena da Caritas bezala aritzea; kasu honetan, gerraren ondorioak leuntzea. Baina gerra gure ardura ere bada, gure estatuena, NATOrena.
Gobernuen jokabideak kritikatzen dira, baina ikusten al duzu indarrik gizartean jarrera horiek alda arazteko?
Gizartearen jarrera oso ahula da eta, esan bezala, Caritasen antzekoa. Iruditzen zait askotan dagoela autokonplazentzia handia. Norbera bere buruarekin ondo sentitzea nahi da. Inportantea da errefuxiatuak ondo hartzea, inportantea den bezala Caritasek goseak daudenei laguntzea; baina goazen sustraietara, goazen gelditzera jario hori. Eta jarioa konpontzeko moduetako bat da bakea eskatzea eta
Gerrarik ez esatea.
Era berean, errefuxiatuen etorreraren kontra egiten duten mugimenduek indar handia hartu dute Europan. Boterera iritsi gabe ere, boterean daudenek haien diskurtsoaren zati bati tokia egin izan diote.
Adibidez, Hungariarekin egon da arrabots handia. Hungarian, negu honetan 200dik gora pertsona hil dira pobrezia energetikoaren eraginarengatik. Badakigu Hungariako gobernuak nola tratatu dituen errefuxiatuak. Baina, zergatik exijitzen zaio Hungariari errefuxiatuak hartzeko, eta ez Alemaniari? Alemaniak har ditzala, Alemaniara joan nahi dute; utz diezaietela pasatzen Alemaniara. Baina, ez, fokoa jartzen da Hungarian, fokoa jartzen da oso herrialde pobreetan, egoera sozioekonomiko oso kaxkarra dutenetan. Hamar urtean 2.000tik gora pertsona hil dira Hungarian pobrezia energetikoarengatik; emakumezkoak, adinekoak... etxeetan hiltzen dira, ezin dutelako berogailua piztu, eta abar. Eta horri ez zaio eskaintzen titular bat bera ere, horrek ez duelako justifikatzen gerra bat, edo estatu kolpe bat, edo erregimen aldaketak.
Inperialismoa ere ari da errefuxiatuak erabiltzen, hori da kontua. Erabiltzen ari da, bere esku hartzeak justifikatzeko ideologikoki. Gizarte mugimenduek bakea eskatu beharrean, inperialismoak erabiltzen ditu errefuxiatuak justifikatzeko esku hartze handiagoak, bortitzagoak, militarismo gehiago. Eta, noski, bai, eskuin muturrak aprobetxatzen du. Izan ere, badago gizarteko sektore bat, argi eta garbi moral bikoitza daukana.
Erreguxiatuak ongi etorriren atzean denetariko jendea dago, baina asko eta asko itxurakerian gelditzen da, domina bat jartzeko da.
Eskuin muturrak ezkerrak libre utzi duen eserlekua hartu duela esan duzu. Zergatik galdu du ezkerrak zuen tokia?
Ezkerraren eliteak oso akomodatuak direlako. Eta ez eliteak bakarrik, boto emaileak ere bai, eta agenda. Agenda horretan lehenesten dira klase ertain-altuari interesatzen zaizkion gaiak, eta ez klase baxuenei interesatzen zaizkienak. Espainian Unidos Podemosek edo Euskal Herrian EH Bilduk, nondik jasotzen dute boto gehien? Klase ertainetik. Eskuin muturra gerturatu da klase apaletara, eta haien lehentasunak bere iragazki ideologikotik pasatu ditu.