Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
San Joan eguna festa giro ederrean ari dira ospatzen Urrestillan. Eguerdian hasi eta goizaldera arte luzatuko den egitaraua prestatu dute zaindariaren egunerako. Urtero legez, prozesio jendetsuarekin eta mezarekin hasi da eguna. Elizkizunak bukatuta, kalera itzuli da festa, buruhandiekin eta erraldoiekin, eta Azpeitiko Udal Musika Bandaren doinuekin. Arratsaldean, berriz, Xalto pailazoaren emanaldia izan dute lehendabizi plazan, eta Urrestillako eta Sanjuandegiko festa batzordeetakoen arteko erronka dibertigarria jarraian. Jolasez eta umorez bete dute plaza bi taldeetakoek, ikusle mordoaren gozamenerako. Eta berdinketa izan da emaitza, Sanjuandegiko festetako 'joanekoan' bezala.
Gaueko festari begira jarrita daude orain Urrestillan. Sorgin poteoa, gazteen afaria eta Rodeo, Bad Sound System eta Trikimailu taldeen kontzertuak izango dituzte San Joan egunaren azken txanparako. Bihar, San Juan Txiki egunez, segituko dute festarekin.
Hona hemen, San Joan eguneko ekitaldien irudi bilduma:
[flickr_set id="72157682513009324"]