ARGAZKI BILDUMA: Juan Antxieta musika eskolak ikuskizun jendetsuarekin agurtu du ikasturtea

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 22a

Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolak atzo egin zuen 2016-2017 ikasturte amaierako agerraldia. Urtero legez, Soreasu antzokia jendez gainezka egon zen ikasleen, irakasleen eta gonbidatuen ikuskizunarekin gozatzeko. Okurrentziyek izena jarri zioten atzoko jaialdiari. Izan ere, sofan eseri, telebista piztu eta bertan agertzen diren "okurrentziak" eta kantuak izan ziren protagonista atzoko ikuskizunean. Titanic, Doraemon, James Bond, La La Land, Star Wars, Pulp Fiction, Adams Familia eta Gadget insperktorearen soinu bandetako abestiak izan ziren entzungai ordu eta erdi inguru iraun zuen ikuskizunean. Musika ez ezik, bideoak ere eskaini zituzten, musika eskolako ikasleek-eta aktore lanetan grabatutakoak. Era berean, umorearentzako tarterik ez zen falta izan, Ekain Txouk ez baitzuen atzoko hitzorduan hutsik egin. Soreasuko oholtza gainera igo zen June Urain aurkezlea lagun, antzokira bertaratutako ehunka lagunei barre eginaraztera. San Martin egoitzako egoiliarrek ere hartu zuten parte atzoko emanaldian. Haiek ikasturtean zehar musikaz gozatzen aritu dira musika eskolan, aurten abiatutako terapia musikalaren harira. Juan Antxietaren zozketako zenbaki irabazlea ere jakinarazi zuten atzokoan: 3.652. Ordezkoa, berriz, 8.252 zenbakia da. [flickr_set id="72157682300999272"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide