Etzi, ostirala, jokatuko dute Azpeitiak eta Ataunek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietako itzulerako kanporaketa, eta joaneko eta itzulerako partidetan gailentzen denak jokatuko du txapelketaren finala. Ataunen izango dira partidak 19:00etan hasita, eta Ilunpek hara joan-etorria egiteko autobusa antolatu du. 17:30ean abiatuko dira autobusak anbulatorioko eta Damasoko geltokietatik, eta pilota partidak amaitzean itzuliko dira Azpeitira. Doako autobus zerbitzu hori erabiltzeko, beharrezkoa da ostirala baino lehen izena ematea. Horretarako, hiru bide jarri dituzte:
ilunpeelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea izen-abizenak, kontakturako telefonoa eta autobus zerbitzua erabiliko duten lagun kopurua zehaztuz; Frontoi Txikian Ilunpek duen bulegoan jakinaraztea; edo Korrale eta Mugari tabernetan jarri den izen-emate orria betetzea.
Finalerako txartela eskuratzeko bidean, zaleen bultzada inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela jakinarazi du Ilunpek. Horregatik, Ilunpek pilotazale guztiei Ataunera joateko deia luzatu nahi die.
Joan den ostiralean jokatu zituzten Azpeitiak eta Ataunek joaneko partidak Frontoi Txikian, eta
2-1 nagusitu ziren azpeitiarrak. Tantoetan aldea izanagatik, kanporaketa borobildu beharko dute ostiralean Ilunpeko pilotariek. Kanporaketa irabazten duen herria Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean izango da, uztailaren 1ean, Donostiako Atano III. pilotalekuan. Bigarren herri finalista, berriz, Zizurkil eta Oiartzunen arteko kanporaketatik aterako da; joanekoan 2 eta 1 nagusitu zen Zizurkil.