Ehundik gora lagun izan ziren Azpeitiko EH Bilduren prozesu berriaren aurkezpen ekitaldian

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 12a

Azpeitiko EH Bilduk egituraketa proposamen berria aurkezteko ekitaldia egin zuen joan zen ostiralean, eta 155 lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean. Herriko EH Bilduko kideek eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak hartu zuten hitza ekitaldian, eta ondoren mokadutxoa egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek. EH Bilduk azaldu duenez, "herritik egituratzea" dute helburu, "herritarrak eztabaidaren erdigunean jartzeko eta gure proiektuarekin bat egiten duten pertsonei ahotsa emateko". Horretarako beharrezkotzat jo dute ostiralean jendearen aldetik "jasotako babesa", eta eskerrak eman dizkiote ekitaldira gerturatu ziren herritarrei, "horixe da landu nahi dugun eredua". Orain artean egindako lanak azaldu eta aurrerantzean egin daitekeen bidea "marraztu" zuten ostiraleko ekitaldian. "Batetik, udalean eginiko lanaren balantzea egin genuen, eta Azpeitia aldatzen jarraitzeko dauden proiektuak ere korpartitu ziren; eta, bestetik, herritarren eta komunitatearen garrantziari eta paperari heldu genion. Bide horretan, oinarri batzuk nabarmendu nahi ditugu: pertsonek protagonismoa duten EH Bildu osatzea, alderdietatik haragoko norbanakoei lekua eskaintzea, denok eroso sentituko garen ezkerreko mugimendu politikoa izatea, gardentasuna lehenestea, nazio mailako EH Bildurekin lotura izatea eta aurrez aipatutako ezaugarri guztien orekari begiratzea". Azpeitiko EH Bilduko kideek komunitatea "sendotzen eta saretzen" ari direla adierazi dute, eta azaldu dute herritarren "esentzia eta onespena" behar dituela prozesuak eta aurrerantzean egingo dituzten urrats guztiek. "Antolaketa ereduan, zubiak jarri nahi ditugu erakundeak eta herriaren artean; eta, are gehiago, gune komunak sortu nahi ditugu, erabakiak eta hausnarketak konpartitzeko". Ostiraleko batzarrean izan zirenek txartel bat jaso zuten EH Bilduren barne boletina jaso ahal izateko datuak emateko, baina hara joan ez zirenek mezu bidez egin dezakete eskaera. Horretarako, mezu bat bidali behar da ehbilduazpeitia@gmail.com helbidera izen-abizenekin eta helbidearekin, eta koalizioko kideek esan dutenez, argi adieraziz boletina Internet bidez edo posta arruntez jaso nahi den. Horrez gain, helbide hori ekarpenak egiteko ere erabil daitekeela jakinarazi dute EH Bilduko kideek. Gainera, Azpeitiko EH Bilduk jakinarazi du datorren ekainaren 26an egingo du lehen bilera irekia. Hona hemen ekitaldiko argazki batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide