Gaur aurkeztu dute I. Ardo Txuri Eguna, Perez Arregin bertan. (Mailo Oiarzabal)
Bost ardo txuri mota dastatzeko aukera izango da zapatuan, hamahiru upategiren eskutik, Azpeitiko I. Ardo Txuri Egunean. Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Enparan kaleko Korputz jaietako antolatzaileek indarrak batu dituzte egitasmoa antolatzeko, eta korputzetako egitarauan txertatuta ospatuko dute, 11:00etatik 15:00etara, Perez Arregi plazan.
Iñurrieta, Urkizahar, Rioja Vega, Solaguen, Ontañon, François Lurton, Santiago Ruiz, Viñas Sanz, Arabarte, Castillo Perelada, Ostatu, Labelle eta Casa Primicia dira Azpeitira beren ardoak ekarriko dituzten upategiak. Bost eurotan salduko dituzte kopa eta bost ardo dastatzeko txartelak. Parrilan erretako Getariako antxoak eta tabernariek jarriko dituzten pintxoak ere dastatu ahal izango dira; antxoa errazioa zein pintxoak, bakoitza 1,50 euro ordaindu beharko dira. Festa borobiltzeko, jakien eta artisauen postuak ere egongo dira, eta trikitilariek jarriko dute musika.
II. Azpeitia Motor Jaialdia
Festa giroak jarraipena izango du gaueraino Perez Arregi plazan, II. Azpeitia Motor Jaialdiarekin. 15:00etan hasiko dira elkartzen motorzaleak plazan, 15:30etik aurrera eguneko txangoari ekiteko. Pare bat orduren bueltan itzuliko dira plazara, eta 17:45ean hasiko dira kontzertuak. Bost taldek joko dute aurtengo jaialdian, afariarentzat tartea hartuta; AC/DC taldearen bertsioak jotzen dituen Black Ice taldearena izango da kontzertu nagusia, eta azkena. Honako hau da kontzertuen egitaraua eta ordutegia:
- 17:45. Desira.
- 18:45. Hyronika.
- 19:45. Incursed.
- Afaria.
- 22:15. Marmok.
- 23:30. Black Ice.
Igandean, Enparan kalean
Igandean, berriz, Enparango korputzetako egun nagusia ospatuko dute, honako egitarauarekin:
- 11:30. Suziriak eta txistularien kalejira.
- 12:00. Herri meza Frantziskanetako elizan, urtean hildako kaleko bizilagunen omenez.
- 13:00. Luntxa, Irrintzi elkartean.
- 14:00. Lagunarteko bazkaria, Baigeran. Ondoren, bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute festa, eta Enparan kaleko gizon-emakume adinduenei opariak banatuko zaizkie.
Iñaki Lizaso, Maria Pilar Erkizia, eta Jose Luis Otaegi eta Rosario Urbieta senar-emazteak dira aurten omenduko dituzten kalekideak.