Azpeitiko Udalak adin txikiko hainbat emakumek jasandako mehatxuak salatu ditu

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 10a

Mehatxuak jaso dituztenei udalarekin harremanetan jartzeko eskatu die, egoera bere osotasunean aztertu eta neurriak hartzeko, eta behar duten kasuetan laguntza eta ahokularitza eskaintzeko.

Azpeitiko eta Azkoitiko adin txikiko hainbat neskak sare sozialen bidez mehatxuak jaso dituztela eta, eraso horiek "gogor salatu" ditu Azpeitiko Udalak. Horrekin batera, erasoa jaso dutenei eta beren familia zein gertukoei babesa azaldu die. "Argi azaldu nahi dugu inongo eraso, mehatxu, irain edo ekintza intoleranterik ez dugula onartzen", adierazi dute.
"Herritar ororen askatasunaren kontrako edozein eraso onartezina da. Are larriagoa iruditzen zaio udalari adin txikiko emakumeen kontra, sare sozialen bidez eta anonimotasunetik, beren askatasunaren kontrako erasoak egitea", erantsi dute. Gertaerak salatzeaz gain, udalak beren laguntza ere eskaini nahi die emakume horiei eta beren familiei. Era berean, mehatxuak jaso dituztenei udalarekin harremanetan jartzeko eskatu die, egoera bere osotasunean aztertu eta neurriak hartzeko, eta behar duten kasuetan laguntza eta ahokularitza eskaintzeko. Prebentzioa, ezinbestekoa Azpeitiko Udalak herritarren eta ikastetxeen eskariz azken urteotan sare sozialen erabilera onaren aldeko eta sortzen dituzten arriskuen inguruko formazioa eskaini du, eta gertaera horiek errepikatu ez daitezen bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute. Azkoitiko Sostenipe talde feministak ere salatu ditu erasoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide