Azpeitiak lortu du Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaurrekoa jokatzeko txartela. Atzo, ekainak 9, jokatu zuten Azkoitiak eta Azpeitiak final laurdenetako itzulerako partida Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta azpeitiarrak nagusitu ziren 2-1. 22:00etan hasi ziren partidak, eta ordutako jendetza zegoen pilotalekuan, neurketak ikusteko gogoz.
Kadete mailan Azkoitia izan zen nagusi, eta aurretik amaitu zuen markagailuan, 22-9. Jubeniletan, aldiz, 8-22 gailendu ziren Azpeitiko pilotariak.
Seniorren partida izan zen estuena, nabarmen. Markagailua oso parekatuta izan zen partidak iraun zuen bitartean, eta berdinduta iritsi ziren azken tantora, 21 eta 21. Azpeitiak atera zuen azken sakea pilotalekuan zeuden herritarren txalo zaparrada artean, eta azkenean, Ilunpeko pilotariek Azpeitira eraman zuten finalerdietarako txartela.
Hurrengo ostiralean, ekainaren 16an, jokatuko du finalaurreko joaneko partida Azpeitian, Ataunen aurka, Frontoi Txikian.