Aitor Zubizarreta: "Interesa agertu dute nigan hemengo zein kanpoko taldeek"

Maialen Etxaniz 2017ko ekainaren 8a

18 urterekin joan zen Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) Portlandera (Oregon, AEB) saskibaloian aritzera eta ikastera. Idaho College taldetik igarota etxera itzuli da, lau urteko esperientziaren ostean.

Aitor Zubizarreta. (Maialen Etxaniz) Lau urte eta gero Azpeitian lur hartu duzu, dena hasi zen lekuan. Nostalgiarik sentitu al duzu? Gustura nago etxera itzulita, familiarekin eta lagunekin egoteko, batik bat. Baina, ez dakit, nahiz eta gustura egon, Azpeitia txiki geratzen zait. Poza ere ematen dit itzultzeak, hainbeste ordu pasatu ditut hemen [kiroldegian], hainbeste entrenatzailerekin... Horregatik, agian, sentitzen dut nostalgia pixka bat. Egia esan, Iraurgirekin pasatutako orduei esker izan dut AEBetako esperientzia bizitzeko aukera. Denboran atzera eginda, hara joan zinen lehen egunak nola gogoratzen dituzu? Hasierako egunak nahiko txarrak izan ziren, batik bat ingelesa ondo ez nekielako. Nire ustez, banekien ingeles pixka bat, baina uste nuena baino gutxiago. Entrenamendu saioetan ere ez nintzen gauzekin gehiegi jabetzen, hizkuntza ez menderatzeagatik. Gogoan dut aitari-eta esaten niela etxera itzuli nahi nuela. Aitak eta biok gezurra esaten genion amari: han ongi pasatzen ari nintzela . Izan ere, ama hemen pixka bat sufritzen ari zen, ni han nintzelako. Denborarekin, zeure lekua egin zenuen han. Nolakoa izan zen eboluzioa? Hasieran, ia denek barre egiten zidaten nire ingeles azentuarengatik, baina gero lagunak egin eta jendearekin konfiantza hartzen joan ahala, ez zitzaidan axola nire ingelesa. Eroso sentitzen hasi nintzen, eta denbora gutxiren buruan, gustura egotea lortu nuen. Portlanden hasi zinen, eta gero Boisera (Idaho, AEB) mugitu. Nola bizi izan zenuen aldaketa hura? Portlanden gustura nengoen, baina ez nuen asko jokatzen. AEBetara saskibaloian jokatzera joan nintzen, eta ez zizkidaten minutu asko ematen. Horregatik, pentsatu genuen aldatzea komeni zitzaigula. Zorionez, Boiseko talde batek aukera eman zidan, eta aldaketa ez zen zaila izan. Jende jatorra aurkitu nuen Boisen. Gainera, ordurako ingelesa ere menderatzen nuen, eta erraz egokitu nintzen. Jokalari ezaguna, ospetsua izatea, nola eraman duzu? Boisen euskaldun asko bizi da, eta euskal komunitateak indar handia du. Iritsi nintzenean, hango egunkarietan eta Interneten nire berri eman zuten. Haientzat albistea zen euskaldun bat fitxatu izana. Entrenamenduetara eta lehen partidetara azaldu zen arbaso euskaldunak zituen adineko jendea. Egia esan, jende askok ezagutzen ninduen. Tabernaren batera bazkaltzera joaten nintzenean, sarritan, nor nintzen jakitun, doan ematen zidaten bazkaltzen. Polita da partida bukatu ostean, jendeak ezagutzea eta egindako lanarengatik zoriontzea. Espero ez zenuen zer topatu zenuen han? Hasieran, Portlandera iritsi, lehenbiziko partidak jokatu eta Michiganera joan ginenean, 20.000 lagun zeuden gure partida ikusteko zain. Hemen, Iraurgirekin juniorretan 50 bat pertsonaren aurrean jokatzen nuen, eta bat-batean hainbeste lagunen aurrean jokatzeak beldurra ematen du. Horrez gain, autobusean gure inguruan izaten ziren bizkarzainak, polizia… Horixe izan zen aldaketarik handiena. Azken bi urteotan Idaho Collegen egin duzun lana baloratua izan dela iruditzen al zaizu? Bai, baloratuta sentitzen naiz. Egunero saskibaloi taldearekin nengoen, partidak irabazten ari ginen, urte ona izan genuen eta guztiok sentitzen ginen baloratuta. Goizean eskolara joaten ginenean, irakasle guztiek zekiten nortzuk ginen, eta beti zorionak ematen zizkiguten jokatutako partidengatik. Han zeundela egon al zara batere Euskal Herrira begira? Igandero hartzen nuen ordenagailua eta ikusten nituen streaming bidez eskaintzen zituzten partidak. Txiki-txikitatik Iraurgin jokatu dut, alde egin aurretik talde nagusiarekin egon nintzen entrenatzen, eta debutatzeko aukera ere eman zidaten. Nahiz eta kanpoan jokatzen egon, nire taldea dela sentitu izan dut beti, eta horregatik jarraitzen nuen handik. Aitari beti galdetzen nion Iraurgi zer moduz zihoan. Bestalde, hemengo janaria faltan botatzen nuen, baita parrandak ere, hangoak ez baitira Euskal Herrikoak bezalakoak. Azken lau urteotako zer balorazio egiten duzu? Balorazio oso ona. Lau urteko enpresa ikasketak egin ditut, AEBetako unibertsitate batean. Graduatu egin naiz, eta ingelesa ezin hobeto hitz egiten dut. Horrez gain, han egin ditudan harremanak oso onak izan dira, bizitza osoan mantenduko ditudanak. Kirolari bezala ere oso baliagarria izan zait esperientzia. Hemen saskibaloi ibilbidea bukatzen dudanean, berriz hara itzultzea gustatuko litzaidake, lanera. Zein dira aurrera begira dituzun asmoak? Uda Madrilen igaroko dut, entrenatzen. Duela bi hilabete agente batekin hitzarmena sinatu nuen, eta hark taldeetara bideratzen dituen beste jokalari batzuekin batera ariko naiz entrenatzen, sasoian mantentzeko. Abuztuan, aurre denboraldiari ekingo diot, baina oraindik ez dakit zein talderekin. Hemengo zein kanpoko talde batzuek interesa azaldu dute nigan, baina itxaron egin beharko, ea zer gertatzen den. Azpeitiko kiroldegian entrenatzen dut egunero, eta Madrilera joan bitartean horrela jarraituko dut. Horrez gain, lagunekin-eta egoteko aprobetxatzen dut denbora, baita amarekin mendira joateko ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide