Jose Muñoz, saria jasotzen. (Garmendipe Bolo Taldea)
Gipuzkoako XLVIII. Hiru-Txirlo Bolo Txapelketa amaitu zen joan zen asteburuan, eta Azkoitiko Floreaga taldeko Jose Muñoz izan da aurtengo garaile. Lehia estua izan da Muñoz eta Xabier Loiola San Migel taldeko bolo jokalariaren artean, baina azkenean azkoitiarra nagusitu da. Jubenilen mailan, Iker Hidalgo Azpeitiko Garmendipe taldeko kideak irabazi du txapelketa; eta infantiletan, Floreaga taldeko kide Ioritz Astigarrak jaso du txapela.
Joan zen asteburuan jokatu zuten azken jardunaldia, eta ordurako lehenengo postuan zen Muñoz azkoitiarra, 40 puntukin. Hiru puntu gutxiagorekin zen Loiola, baina azkenengo saioa berdinketarekin amaitu zuten biek. Hala, berdinketa hausteko hainbat jaurtiketa egin zituzten Muñozek eta Loiolak, eta lehia estua egon bazen ere, azkenenan azkoitiarra gailendu zen.
Azkoitiko Floreaga eta Azpeitiko Garmendipe taldeek hartu dute parte txapelketan. Herri bakoitzeko txapeldunak ere izendatzen dituzte txapelketan; Azpeitiari dagokionez, Andres Calerok jaso du saria; Azkoitiko txapelduna, berriz, Beñat Astigarraga izan da.
Martxoan hasi zen Gipuzkoako Hiru-Txirlo Bolo Txapelketa, eta Azkoitian eta Azpeitian jardunaldi bana jokatu dituzte.