Igor San Miguel. (realsociedad.com)
Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiaren entrenatzaile berria da Igor San Miguel (Astigarraga, 1974). Hamalau denboralditan Espainiako Bigarren B mailan jokatu ondoren –horietako lau Reala B-n eta sei Real Unionen–, ia hamar urte daramatza entrenatzaile lanetan; gehienak bere herriko taldean, Mundarron, eta azken bi denboraldiak Realaren emakumeen talde nagusiarekin. 2017-2018 sasoian, berriz, Hirugarren Mailan estreinatuko da, Azpeitiko taldearekin. "Proiektu garrantzitsua da niretzat, sekulako gogoarekin noa", dio.
Noiz jarri zen zurekin harremanetan Lagun Onak?
Oraindik liga jokatzen ari ginela izan genuen lehen kontaktua; uste dut aste horretan Athleticen kontra genuela partida. Gu oraindik lehiatzen ari ginen, Erreginaren Kopa ere jokatzeko geunden, eta guztia amaitu arte atzeratu genuen dena. Kopa bukatuta etorri ziren hurrengo pausoak, akordioa lortu arte.
Erraza izan al da akordioa ixtea?
Bai. Uste dut bi aldeok genuela akordioa ixteko gogoa. Pare bat bilera-edo egon dira tartean, baina bion asmoa zen hasieratik adostasunera iristea. Niri lusioa egin zidan Lagun Onaken deiak, eta beraiek ere erakutsi didate lehen aukera ni nintzela.
Jarraitu al duzu Lagun Onaken azkenaldiko ibilbidea? Zer dakizu taldeaz?
Beno, kanpotik jarraitu izan dut pixka bat; azken bi urteotan neskekin egonda, banuen nahikoa lan egunerokoarekin. Baina Lagun Onak historiko bat da, betitik ezagutzen dudana. Badakit zeintzuk egon diren aulkian, Pablo [Turrillas] zegoela, eta gero aldaketa egon zela... Gainetik bada ere, jarraitu izan dut, eta sailkapenaren berri, astero. Orain, pixkanaka, barruko informazioa jasotzea tokatzen zait, bai klubak emanda, bai kanpotik jasota. Urtero pasatzen diren gauzak dira, eta segituan jarriko gara.
Hasita al zaude lanean?
Realarekin denboraldia bukatu dugu jada, pixka bat libreago gaude, eta burua horretan jartzen hasita. Ekainaren 30era arte daukat kontratua Realarekin, baina pixkanaka joango gara gauzak aurreratzen. Xabi Alberdi ere hor dago, kirol arduradun bezala; taldekideak izan ginen Realean, hartu-eman ona daukagu, eta bera joango da lana egiten. Nik Realarekikoak guztiz bukatutakoan jarriko gara biok buru-belarri, plantilla guztiz osatzeko.
Klubak orain arte transmititu dizunaren eta zeure asmoen arabera, zer helbururekin ekingo diozue lanari?
Lehenik eta behin, badakit nora noan. Lagun Onakek filosofia argia dauka, urteak dira neuk ondo ezagutzen dudala, eta sartu berri den zuzendaritzak ere ondo azaldu dit zer dagoen. Lehentasuna da Azpeitiko eta Azpeiti inguruko harrobia kontuan hartzea; hortik aurrera, zeozer falta bada, ahalik eta talde txukunena osatzeko lan egitea. Lehenik eta behin bertakoekin hitz egin behar da, Hirugarren Mailan aritzeko eta lehiakor izateko inguruko zenbat jokalari dauzkagun ikusi eta, horren arabera, osatzen joan kanpoko jendearekin. Baina Lagun Onaken filosofia presente izanda, beti.
Lagun Onaken kontra ez duzu inoiz jokatu, baina Garmendipe ezagutzen duzu, ezta?
Jokalari garaian apenas jokatu nuen Lagun Onaken kontra, denboraldi aurreko partidaren bat edo. Baina zelaia ezagutzen dut, bai. Realaren gazte mailako nazioarteko txapelketan jokatu nuen behin Garmendipen, Real Madrilen kontra. Eta zelaia oso gustuko nuen, jokalari bezala. Hori ere garrantzitsua da. Zelaia oso inportantea da; azken finean, bi astean behin bertan jokatu behar dugu. Eta Gipuzkoan mundu guztiak hitz egiten du Lagun Onaken zelaiaz, Garmendipez. Seguru nago beti bezain ondo zainduko dutela.