Zapatutik astelehenera ospatuko dituzte Nuarben aurtengo Trinidade festak

Mailo Oiarzabal 2017ko ekainaren 7a

Herri afariaren aurretik kantu-poteoa egingo dute. Afarirako izena aurrez eman behar da, soziedadean edo Facebooken. Larunbat arratsaldean autobusa egongo da Azpeititik.

Aurten ere Irrien Lagunak Nuarben ariko dira, iaz bezala. (Mailo Oiarzabal) Ohi baino beranduxeago, ekainean ondo sartuta, ospatuko dituzte aurten festak Nuarben. Elizaren egutegiaren arabera ospatzen dira trinidadeak, eta San Joan hilean aurrera samar joanda egokitu dira aurten datak. Hiru eguneko festa egitaraua osatu dute aurten Nuarbekoek. Zapatu arratsaldean botako dute txupinazoa eta Triniri ongietorria egingo diote; eta, ohikoa dutenez, astelehen iluntzean agurtuko dituzte trinidadeak. Kantujira, berrikuntza Egitarauaren edukiari dagokionez, azken urteetako antzeko osagaiak izango dituzte aurten ere Trinidade festek. Horrela, Zezen Beltz elkartekoen eskutik sokamuturra ibiliko da kalean zapatu arratsaldean, eta umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi igande eta astelehen arratsaldeetan: puzgarriak eta Irrien Lagunek frontoian emango duten ikuskizuna igandean, eta jolasak eta txokolatada astelehenean. Zapatu arratsean, herri afariaren aurretik egingo den kantu-poteoa izango da 2017ko trinidadeen berrikuntza nagusia. Azpeitiko Kantujira taldekoak joango dira Nuarbera, ekitaldi horretarako. Aurreko urteetan bezala, Azpeititik Nuarbera joateko autobusak jarriko dituzte zapatu arratsaldean. 16:00etan izango da joaneko autobusa, anbulatorio aurrean, eta 19:30ean itzulerakoa, Nuarben. Afarirako txartelak Herri afaria ez da faltako festen hasierako egunean, zapatuan, 20:30ean. Afari horretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, eta bi bide dituzte horretarako: Behar Zana soziedadera joatea, edo Nuarbeko festen Facebookeko orrialdean mezua uztea. Hona hemen, Nuarbeko trinidadeen egitarau osoa: Ekainak 10, zapatua 16:00. Txupinazoa. 16:30. Sokamuturra. 19:00. Azpeitiko Kantujira taldearekin poteoa. 20:30. Herri afaria. 23:30. Elizagoien ahizpak. Ekainak 11, igandea 12:00. Meza nagusia. Ondoren, luntxa, Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilarien musikarekin. 16:00. Umeentzako puzgarriak, plazan. 18:00. Irrien Lagunen ikuskizuna. Ondoren, Lajarekin eta Lutxurdiorekin erromeria. Ekainak 12, astelehena 17:30. Umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolatada. Iluntzean, Izerrekin eta Narbaizarekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide