Andreas Muñozek hezurmamitu du Loiolako Inazio. (Andreas Muñoz)
Meza kontuak albo batera utzi eta zinema areto bilakatuko da gaur Loiolako basilika. Inazioren bizitza zazpigarren artera eraman dute, eta, hain zuzen ere,
Ignacio de Loyola filmaren aurrestreinaldia egingo dute 19:30ean, basilikan. Ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz, Loiolako Inazio hezurmamitu duen aktorea.
Paolo Dy zinemagile filipinarra da Loiolako Inazioren bizitzaren inguruko biopic generoko lanaren zuzendaria, eta ikus-entzunezkoak 118 minutuko iraupena du. Zinemagileak adierazi duenez, jesulagunek sortutako eskola batean hazi zen, eta "aspaldidanik izugarri miresten" du Inazio: "Ni bezalako Manilako (Filipinak) mutiko batentzat aurkikuntza handia izan zen XVI. mendeko gizon haren inguruko egia eta bereizketa ezagutzea eta ikastea". Zentzu horretan, Dyk azaldu du, "historiako santu handienetakoa" den Loiolako Inazioren bizitza ikus-entzunezko batean kontatzeko aukera berari eman izana "ohorea" dela.
Filipinetan egin zuten Jesuit Communications Foundationek ekoitzitako filma iaz, eta han estreinatu ondoren, hil honen 16an iritsiko da lana zinema aretoetara. Honako aktore hauek hartu dute parte, besteak beste, ekoizpenean: Pepe Ociok, Ricardo Reguerak, Julio Perillanek eta Marta Codinak.
Filman Loiolako Inazio hezurmamitu duen aktore Andreas Muñozen esanetan, "egundoko esperientzia eta ohore handia" izan dira Loiolako Inazio irudikatzea eta pantaila handira eramatea. "Ez bakarrik gaztelaniaz, izan ere ingelesez ere errodatu dugu, nazioartean eskaintzeko". Horrez gain, Muñozek gaineratu du, duela bi urte filma grabatzera etorri zenean "liluratuta" geratu zela Loiolarekin. "Inazioren Loiolako etxean grabatu genituen hainbat sekuentzia, eta hori izugarrizko aukera da. Energia berezi bat sentitzen nuen leku hartan, eta berehala lortu nuen Inazioren azalean sartzea". Loiolako Inazioren etxea museoa da, eta, beraz, grabaketa lanak gauez egin behar izan zituztela adierazi du.
Santu bihurtzeko prozesua
Iruñeko batailan zauritu ondoren, ibilbide militarrari uko egin behar izan zion Loiolako Inazio soldadu gaztearen bizitza kontatzen du Ignacio de Loyola filmak.
Ikus-entzunezkoaren sinopsiaren arabera, ohean makalduta, ordura arte sekula leitu gabeko irakurketa berriei ekin zien Loiolako Inaziok. Hasiera batean desgrazia zena, saindu bilakatzeko desira sutsu bihurtu zitzaion. Geroztik, Loiolako gaztea guda berri batean murgilduta aurkitu zen, eta hala nola, fedegabetasunari aurpegia eman behar izan zion. Gertukoen zituen pertsonek baztertu egin zuten, eta guztiaren gainetik, bere buruaren kontra borrokatu behar izan zuen. Loiolako Inazioren barne-borroka horiek islatuko ditu, besteak beste, zinema-ekoizle filipinarraren lanak.
Filmaren grabaketak hainbat tokitan egin zituzten, hala nola, Azpeitian, Aretxabaletan, Artaxoan, Iruñean, Lizarran eta Zugarramurdin.
700 lagunentzako edukiera
Jesuiten ordena sortu zuen Loiolako Inazioren oroitzapenak ardatz dituen filma sainduaren etxean aurkeztu nahi izan dute ekoizleek. Loiolako jesuita Ina Etxartek esan duenez, Ignacio de Loyola filma aurrestreinatzeko lekua eskatuz deitu zuten Loiolara, eta beraiek basilikan aurkeztea proposatu zieten ekoizleei.
Ia bi ordu irauten duen filma ikustera gonbidatu ditu Etxartek herritarrak eta Loiolako Inazioren zale guztiak. Horretarako, lau metro zabal dituen pantaila jarriko dute aldarean. 700 pertsonentzako edukiera du basilikak, eta sarrera doan izango da.
Loiolako Basilika, beraz, zinema areto bihurtuko da gaur, Inazioren bizitza zazpigarren artean ikusteko.