Azpeitiko EH Bilduk "instituzioetatik haragoko" koalizioa osatzera bidean egindako urratsak aurkeztuko ditu ostiralean

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 5a

Aurkezpenean parte hartuko du Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak, eta azpeitiarrei dei egin die hitzordura bertaratu daitezen.

"Kultura politiko desberdinetako herritarrak bilduta, instituzioetatik haragoko EH Bildu" egituratu nahi du koalizioak Azpeitian. Horretarako lanean hasita daude, eta orain artean bide horretan "eginiko urratsak" aurkeztuko dituzte ostiralean, hilaren 9an, Sanagustin kulturgunean. 19:00etan hasiko da ekitaldia. Azpeitiko EH Bilduk aurreratu duenez, ostiraleko aurkezpenean parte hartuko du Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak, eta azpeitiarrei dei egin die hitzordura bertara daitezen. Iriartek azaldu duenez, "guztion neurrira egindako EH Bildu" egin nahi dute, "herritarrak eztabaidaren erdian jarrita". Azpeitiko EH Bilduk adierazi duenez, "lan hori behar bezala egiteko", proiektuarekin bat egiten duten herritarrekin hizketan ari dira, eta ostiralean herritar guztienaga iritsi nahi dute. Horrez gain, Azpeitiko EH Bilduk esan du, baliabideak eskaini nahi dituela herritarrek erabakiguneetan parte hartzeko eta koalizioari ekarpenak egiteko: "Denon EH Bildu eta denon herria egitea da helburua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide