AZTE-k eta Bertanek kanpaina berri bat abiatu dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 5a, 12:43

AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak kanpaina berri bat abiatu dute elkarlanean, herriko saltokietan erosketak egiten dituztenak saritzeko asmoz. Izan ere, Bertan elkarte barruko dendetan Azpeitia Txartelarekin erosten dituztenek AZTEko tabernetan pintxoa eta edari bat doan jasoko dute. Ekintza honekin, bi elkarteen arteko sinergiak bilatu nahi izan dira, aldi berean, Azpeitian erosketak egin eta aisiaz gozatzeko esperientzia ezberdin bat eskainita. Gaur hasi dute ekimena, eta merkatari elkarteko saltokietan egiten dituzten lehen 1.040 erosleek jasoko dute saria. Saria jasotzeko, erosketen ordain agiria gorde eta ondoren tabernetan aurkeztu beharko dute. Modu honetara, bi elkarteen arteko sinergiak batu eta "Azpeitian erosketak egin eta aisiaz gozartzeko" aukera eman nahi diete herritarrei. AZTE elkartea Etxe zuri, Ertz, Topa, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Mugari, Eperra, Sanagustin kulturgunea, Fideo de Mileto eta Pikua tabernek osatzen dute; Bertan elkartean, berriz, Azpeitiko 111 saltoki daude. Adierazi dutenez, aurrerantzean ere modu honetako ekintza gehiago egitea aurreikusten dute bi elkarteek, eta Azpeitia Txartela erabiltzera animatu dituzte herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide