'Ignacio de Loyola' filmaren aurrestreinaldia Loiolako Basilikan egingo dute ekainaren 6an

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 30a

Filmaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz. Filipinetan egin zuten filma iaz, eta datorren ekainaren 16an iritsiko da pelikula zine aretoetara.

Ignacio de Loyola filmaren aurrestreinaldia egingo dute datorren asteartean, ekainak 6, Loiolako Basilikan 19:30ean. Horrenbestez, bi orduz zine areto bilakatuko da basilika. Filmaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz. Hain zuzen ere, Loiolako Inazio hezurmamitzen du filmean Muñozek. Filipinetan egin zuten Jesuit Communications Foundationek ekoitzitako filma iaz, eta han estreinatu ondoren, datorren ekainaren 16an iritsiko da pelikula zinema aretoetara. Paolo Dy da Loiolako Inazioren bizitzaren inguruko biopic generoko lanaren zuzendaria, eta filmak 118 minutuko iraupena du. Honako aktore hauek parte hartu dute, besteak beste, ekoizpenean: Pepe Ocio, Ricardo Reguera, Julio Perillan eta Marta Codina. Filmaren grabaketak hainbat tokitan egin zituzten, hala nola Azpeitian, Aretxabaletan, Artaxoan, Iruñean, Lizarran, Zugarramurdin eta Saussen (Aragoi, Espainia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide