Arimaren isla margolanetan

Ainitze Agirrezabala 2017ko maiatzaren 30a

[caption id="attachment_321102" align="aligncenter" width="300"]Mai Vazquez Domenech artista azkoitiarrak Atman bildumako bi margolanekin, Azkoitiko Oteiza frontoian. Mai Vazquez Domenech artista azkoitiarra 'Atman' bildumako bi margolanekin, Azkoitiko Oteiza frontoian. (Ainitze Agirrezabala)[/caption] Mihisearen aurrean biluzten den margolaria da Mai Vazquez-Domenech (Azkoitia, 1966). Oraingoan, bere barneko sentimenduak eta arimaren espiritualtasuna irudikatu ditu Atman izenarekin bildu dituen hamaika margolanetan. Artista azkoitiarrak teknika mistoa erabilita, akrilikoarekin oihalaren gainean sortutako lanak ikusgai izango dira ekainaren 1etik 16ra, Sanagustin kulturgunean. Txikitatik du margotzeko zaletasuna Vazquezek, baina ez da izan familiarengandik oinordetzan jaso duen zerbait. Zazpi anaia-arreba dira, eta kontatu du bera dela «sormen artistikoa» duen bakarra. Azkoitiarraren esanetan, etxean beste inork ez du margotu izan, eta dio, umea zela, OHOn "gustukoen" zituen ikasgaiak soinketa eta marrazketa zirela. "Horietan lortzen nituen nota onenak". Geroztik, urte batzuetan, Azkoitiko eta Azpeitiko arte eta pintura eskoletan landu zuen margolaritza, baina gaineratu du azken urteetan "autodidakta" dela. Marrazketak bizitzan zehar "beti lagundu" dio azkoitiarrari, "izan arkatz bidez, akrilikoan zein pastela erabilita". Gogo-aldartea, koloreetan Zenbait garaitan margotzeari ez diola "denbora asko" eskaini adierazi du, baina azkenaldi honetan, "gogoetarako eta sortzeko inspiratuta" dagoela dio. Pertsona bezala "gero eta lasaiago" sentitzen da azkoitiarra, eta "gogo-aldarte" hori bilduma honetan erabili dituen "koloreetan islatzen" dela gaineratu du. "Pertsona aldatzen doa, garatzen, eta hori agerian geratzen da sortzen ditudan lanetan". Hala, oraingoan, "ohiko kolore ilunak albo batera utzi" eta barneko argi-ilunak bestelako koloreen bidez adierazi ditu: "Ez naiz kolore bizien zalea, baina oraingoan urdina, berdexka, grisa, urdinxka, okrea... erabili ditut". Margotzerakoan erabiltzen duen teknikaz galdetuta, Vazquezek dio, eskuak pinturaz zikintzea "izugarri" gustatzen zaiola: "Margolari handientzat oleoa da pintatzeko benetako modua; izan ere, dirudi pastelak-eta kalitatearen eskalan balio txikiagoa dutela. Baina nik akrilikoa gogoko dut, eta asko gozatzen dut behatzarekin lantzen, difuminatzen...". Interpretazioa eta idaztea Jaioterrian baino denbora gehiago igaro du handik kanpo Vazquezek. Gaztetan, institutua utzi eta Bartzelonara joan zen zinematografia, errealizazioa eta gidoigintza ikastera. "Baina jabetu nintzen interpretazioa gehiago gustatzen zitzaidala, eta hango hainbat eskoletan bi-hiru urtez aritu nintzen ikasten". Gerora, Ingalaterran, Londresen, Manchesterren, AEBetan eta Reikiaviken bizi izan da, eta Madrilen egindako azken egonaldian osatu du, hain zuzen ere, Atman bilduma. Duela 20 urte inguru, Bartzelonan bizi izan zen garaian, "bolada nahiko txarra" pasatu zuela kontatu du Vazquezek, eta orduan ezagutu zuen filosofia budista-tibetarra. Ordutik, "lotura berezia" du filosofia horrekin, eta hain zuzen ere, atman hitzak arima adierazi nahi du hinduismoan eta budismoan, "nahiz eta esanahia zertxobait aldatu batean eta bestean". "Hitzen beharra" Erakusketan ikusgai izango diren margolan bakoitzak, izenburuaz gain, azalpen txiki bat izango duela aurreratu du. "Artelan bakoitzak nigan sortzen dituen sentimenduak hitzez adierazi ditut" [caption id="attachment_321102" align="aligncenter" width="300"]Mai Vazquez Domenech artista azkoitiarrak Atman bildumako bi margolanekin, Azkoitiko Oteiza frontoian. Mai Vazquez Domenech artista azkoitiarrak Atman bildumako bi margolanekin, Azkoitiko Oteiza frontoian.[/caption] . Arimaren gogo-aldartearen isla diren lanak begi bilutsien zain daude, Sanagustinen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide