Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu da finala
Giro bikaina izan da gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finalean. 700 pertsona inguru bildu dira, Asteasuko eta Zizurkilgo bertsolariek osatzen duten Karidadeko Benta taldea eta Amasa eta Villabonako bertsolariekin osatutako Am…ona! taldeen saioarekin gozatzera. Joseba Otaegi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika aritu dira Karidadeko Bentaren izenean bertsotan, eta Oihana Iguaranek, Beñat Iguaranek eta Ander Goikoetxeak, berriz, Am…ona! taldea ordezkatu dute kantuan. Erniarraitz Bertso Elkarteko Gurutze Oiarzabalek adierazi duenez, "saio txukuna" egin dute bi taldeek, eta Karidadeko Bentak jantzi du txapela.
Talde irabazleak txapela jantzi aurretik, Herriartekoan parte hartu duten talde guztietako ordezkariak igo dira oholtzara oroigarria jasotzera. Bukatzeko, Am…ona! taldeak jantzi dio txapela Karidadeko Benta taldeari. Otsailetik hasitako bideari jai giroan bukatzeko, 150 lagun inguruk afaldu zuten Sanagustin kulturgunean.
Erniarraitz Bertso Elkarteko lau taldek hartu dute parte guztira Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan. Erniarraitz 1 taldea finalaurrekora iritsi zen, baina Karidadeko Benta taldearen kontra hitzak neurtu ondoren, txapelketatik kanpo geratu zen.