'Keinu bat errefuxiatuei' ekintzak egin dituzte Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 28a

Errefuxiatuekiko elkartasuna adieraziz hainbat ekitaldi egin dituzte ostiralean eta larunbatean Azpeitian, Keinu bat errefuxiatuei izeneko egitasmoaren barruan. Herriko ikastetxeetakoek eta Elkar-ekinek antolatuta egin dituzte ekintzak. Munduko hainbat tokitan errefuxiatuek topatzen dituzten harresietako bat irudikatu zuten ostiral arratsaldean ikastetxeetako ikasleek, bazterkeriaren kontrako harresia. Atzo, larunbata, plazan irudikatuta zegoen harresia dozenaka herritarren artean elkartasunez hautsi egin zuten, errefuxiatuei babesa eskaintzeko asmoz. Zapalkuntzaren harresiak elkartasunez apurtu ekimena txalaparta doinuekin hasi zuten, harresiaren aurrealdean herritarrek borobil bat osatu ostean. Mikel Alberdik eta Joseba Etxanizek txalaparta jo ondoren, Onintza Valverdek gitarrarekin Mikel Laboaren Sustraiak eta Hector Roverto Chaveroren Piedra y Camino kantak jo zituen. Gero, hitza hartu zuten Ahmed Ziad eta Hetra Besodgema saharauriarrek, eta errefuxiatuen kanpamentuko "duintasunik gabeko bizitza" izan zuten hizpide. Ekitaldia bukatzeko, Elkar-ekineko kide Tomas Karrerak errefuxiatuei babesa eskaini zien, haiekin gertatzen ari den injustiziaren aurrean, eta ekimenera bertaratu ziren herritarrak harresia apurtu eta handik pasatzera gonbidatu zituen. (Argazkiak: Ainitze Agirrezabala/Uztarria.eus) [gallery ids="321004,321005,321006,321007,321008,321009,321010,321011,321012,321013,321014,321015,321016"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide