Emakumeak plazara eta kirol mundura gerturatzea helburu, Euskal Herriko hainbat herritako emakumeek kirol erronka jokatu dute gaur, larunbata, Azpeitian. Izan ere, maiatza amaitzear dela, edo ekaineko aurreneko egunetan, jaialdia antolatzen du urtero Azpeitiko Emakumeen Mahaiak, ikasturte osoan ikasitakoa herriratzeko. Aurtengoa ikasturte berezia izan da, ordea, bost urte bete baititu Azpeitiko Emakumeen Txokoak.
Urteurren hori aitzakia hartuta, kirola eta festa uztartu dituzte gaur goiz osoan egin duten jaialdian. Hala, goizean, lehenbizi, Azpeitiko Emakume Txokoko logo berritua aurkeztu dute Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Saileko teknikari Edurne Aranbarrik eta Leire Goenaga zinegotziak.
Azpeitiko Emakumeen Txokoko logo berria.
Ondoren, 11:00etan hasita, pilota eta bertsoa uztartu dituzte Frontoi Txikin. Patri Espinarrek eta Alaitz Badiolak indarrak neurtu dituzte Maddi Mendizabal eta Eneritz Arrietaren kontra. Haiek pilotan jokatu bitartean, Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsotan aritu dira. Neurketa estua izan da, eta partida guztian Espinar eta Badiola aurretik joan badira ere, Mendizabalek eta Arrietak eskuratu dute garaipena, 22 eta 20 irabazita.
Segidan, aldarrikapen eta festa egunak Azpeitiko plaza hartu du. 12:30etik aurrera, hamar lagunez osatutako hiru taldek kirol erronka egin dute, eta lokotx biltzen, txingak eramaten, gizaproban eta sokatiran neurtu dituzte indarrak. Talde tranpatienaren saria kamiseta arrosa zeramaten Azpeitiko eta Azkoitiko emakumeentzat izan da; talderik aktiboenarena, berriz, Eibarko eta Bergarako emakumeek jaso dute, eta sinpatikoenarena, berriz, Hazparneko, Errezilgo eta Antzuolako emakumeek. Indarrak hartzeko eta festa behar bezala borobiltzeko, denak Sanagustinen bildu dira bazkaltzeko.
(Argazkiak: Ainitze Agirrezabala/Uztarria.eus)
[flickr_set id="72157684332438215"]