Ikusteko eta ukitzeko margoak

Mailo Oiarzabal 2017ko maiatzaren 25a

Miriam Quintanak 11 koadrorekin osatu du Azpeitiko Aisialdi tabernan jarri duen erakusketa. Sormen lanak zein enkarguz egindakoak aukeratu ditu erakusteko.

[caption id="attachment_320862" align="aligncenter" width="300"]Miriam Quintana, erakusketan jarri dituen lanetako batzuk atzean dituela. (Mailo Oiarzabal) Miriam Quintana, erakusketan jarri dituen lanetako batzuk atzean dituela. (Mailo Oiarzabal)[/caption] 2012an, Kultur Mahaiak antolatutako III. Kulturaldiaren barruan erakutsi zituen lehen aldiz bere lanak Azpeitian Miriam Quintanak (Urretxu, 1988). Herriko Arte eta Diseinu Ikastegian lankide zuen Beatriz Pozoren lanekin batera jarri zituen koadro batzuk Sanagustin kulturgunean. Orain, berriz, bakarkako lehen erakusketa jarri du, Plaza Nagusiko Aisialdi tabernan. Duela sei urte etorri zen bizitzera Azpeitira eta harrezkero ematen ditu helduentzako zein haurrentzako pintura eskolak Arte eta Diseinu Ikastegian. Pintura irakasle lanarengatik ezagutzen dute askok kalean, baina ez dira horrenbeste margolari jardueragatik ezagutzen dutenak. Eta lanetik kanpoko lana da, hain zuzen ere, erakusketarekin ezagutarazi nahi duena: "Denetarik jarri dut erakusketan, nahi nuelako jendeak pixka bat ezagutzea egiten dudan lana; eskolak emateaz gain, margotzen dudala, hori dela nire bizimodua". Errealismotik abstrakziora Marrazketa "txikitatik" landu zuen Quintanak eta, unibertsitate ikasketak aukeratzerakoan, Arte Ederrak ikastea erabaki zuen. "Natura eta biologia ere gustuko nituen, baina ikasketak aukeratzerakoan argi neukan gehiena zer gustatzen zitzaidan; eta gurasoek ere bai", azaldu du. Eta ez da hautuaz damutu. Aisialdiko erakusketan, berak sortutako lanak eta enkarguz egin dituen beste batzuk ikus daitezke; 11 koadro jarri ditu, guztira. Sormen lanaren barruan, abstrakzioa da gaur egun gehien lantzen ari den estiloa; "bilatzen ari naiz", dio. Hala ere, "denetarik" egin dezakeela erakustea garrantzitsua dela uste du, eta horixe egin nahi izan du erakusketarako aukeratu dituen lanekin. "Jendeari erakutsi nahi nion figurazioa egiten duenak lan abstraktuak ere egin ditzakeela, eta alderantziz". Paisaiak, natura eta emakumearen gorputza dira Quintanak sortzeko oinarri hartzen dituen gai nagusiak. "Berdintasunari buruzko lanak ere baditut. Hortxe nabil, naturarekin eta emakumearen gorputzarekin". Enkarguz egiten dituen lanei dagokienez, "gehienak erretratuak" izaten direla dio. "Oheburuetarako margoak ere egin izan ditut, paisaiak ere bai... Inoiz, neure kabuz zerbait egitea ere eskatu didate, neurri jakin batzuen barruan. Baina hori arriskutsua izan daiteke; aukeran uzten dizute, baina lana entregatzerakoan ikusten duzu, agian, ez zela espero zutena. Horregatik, nahiago dut bezeroak zer nahi duen esatea". Pintura ogibide izatea da Azpeitian bizi den urretxuarraren nahia eta ametsa, "eta ez bakarrik enkarguz", baita bere sormen lanekin ere. "Baina, noski, hori oso zaila da eta, beraz, enkarguz lanean jarraitu beharko". Soreasuko Dinamoan topatu du momentuz behintzat ogibide ez duen lan hori egiteko toki aproposa: "Leku zoragarria daukat han, jende gehiago ere badabil, eta beti duzu ekarpenak jasotzeko eta elkarbanatzeko aukera". Eperik gabeko sormena Quintanaren sormen lanei denbora epe zehatza ezartzea ez da kontu erraza. Koadroak noiz hasten dituen zehaztu dezake, baina kontu zailagoa da noiz bukatzen dituen finkatzea: "Ez dakizu koadro bat noiz bukatuko den. Esan dezakezu, 'beno, kito, horrelaxe behar du'. Eta, agian, handik urtebetera iruditzen zaizu beste zerbait gehitu behar diozula, eta gehitu egiten diozu. Niretzat, koadroek ez daukate datarik, ez ditut hasi eta bukatu egiten. Eta polita da hori, gauzak berrasmatzea". Olioak, luma, pastelak... Teknikak eta materialak "nahastea" gustatzen zaio eta, bereziki, "pintura ikustea, materiala antzematea, eta ukitzea"; horregatik, ez du asko maite koadroak kristalarekin babestea. Uztailaren erdialdera arte ikusi, antzeman eta, kontu handiz, ukitu daitezke Quintanaren lanak Aisialdi tabernan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide