Joan den igandean, maiatzaren 21ean, Txalintxoko Egunarekin hasi zen Lagun Onak Mendi Bazkunak urtero antolatzen duen Mendi Astea, eta datorren igandean, hilaren 28an, dute azkenengo hitzortua: Xoxoteko Eguneko irteera.
Xoxoteraino oinez igo nahi duten lagunak 09:00etan irtengo dira plazatik. Autobusez Attolara joateko aukera izango da nahi duenarentzat, ondoren handik Xoxotera igotzeko. Horretarako aurrez izena eman behar da Lagun Onak M.Bren tabernan edo webgunean. Autobusa azoka plazaren atzean hartuko dute Attolara igoko diren lagunek.
12:00etan meza izango da, eta ondoren, mendian hil diren mendizaleei lore eskaintza egingo diete. 13:00etan, berriz, gaztetxoei dominak banatuko dizkiete, eta bertaratzen direnentzat salda, jolasak eta erromeria egongo da. Azpeitira arratsaldean itzuliko dira, 17:00ak aldera.