Galdeketaren urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Azpeitiko Gure Esku Dagok

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 23a

Erabakiaren erakusketa zabalduko dute bihar, Artzubia kaleko erakusketa gunean. Ekainaren 3an, puzgarrien mosaikoa egingo dute Sanjuandegin. Ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egin dute.

Azpeitiko Gure Esku Dagok erakusketa jarri du Artzubia kaleko erakusketa gunean. (Azpeitiko Gure Esku Dago) Datorren ekainaren 5ean urtebete beteko da Azpeitiko independentziari buruzko herri galdeketa egin zenetik, eta Azpeitiko Gure Esku Dagok hainbat ekitaldi prestatu ditu urteurrena ospatzeko. Haien arabera, "Hitzartu taldeak eta Azpeitiko Gure Esku Dagok sekulako erronka hartu zuten erreferendum hori gauzatzea erabaki zuten unean". Azpeitiko Gure Esku Dagoren esanetan, herritarren erantzuna "ezin hobea" izan zen galdeketan: "Ia 5.000 azpeitiarrek, boto eskubidea zutenen %40k, hainbestetan aldarrikatu dugun erabakitze eskubidea gauzatu genuen, herritarrok protagonista bihurtuz. Eta gehiengoak (%95ek) euskal estatu independente bati baietz esan zion". Baina emaitzetatik eta zenbakietatik harago, herri galdeketaren antolaketa Azpeitian azken urteotan egin den "auzolanik handiena" izan zela nabarmendu dute. "200 boluntario baino gehiago aritu zen lanean galdeketa arrakastatsua izan zedin. Herrian ikusi genuen ilusioa, indarra, gogoa eta kemena hautestontzietan islatu zen gero". Azpeitian duela urtebete irekitako bidea Euskal Herriko txoko askotara iristen ari dela ekarri dute gogora. "Euskal herritarrok ulertzen hasi gara gure herriaren etorkizun politikoaren protagonistak geu garela. Oztopo guztien gainetik, geuk erabaki behar dugula zer nolako harreman politikoa mantendu nahi dugun estatuarekin", adierazi dute. Ekainaren 27an 4 urte beteko dira Azpeitian Gure Esku Dagok bideari ekin zionetik.  Ekainaren 5ean, berriz, urtebete beteko da galdeketa gauzatu zenetik. Bide horretan, "ehundaka eta ehundaka azpeitiar" eskuz esku lanean aritu direla nabarmendu dute. Azpeitiko Gure Esku Dagok argi du zein den bide horren helmuga: "Estatus politikoari buruzko benetako erreferendum legala, euskal herritarroi egunen batean aukera emango diguna estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa, mugarik gabe, erabakitzeko. Erreferendum loteslea eta demokratikoa". Datozen asteotan ere bide horretan hainbat urrats emateko aukera izango da. Hona hemen urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldien egitaraua:
  • Maiatzak 24 – Ekainak 3: Erabakiaren erakusketa Artzubia kaleko udal erakusketa aretoan. Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 17.30etik 20.00etara. Astearteetan eta larunbatetan goizez ere bai, 10.30etik 12.30era.
  • Ekainak 3: Sanjuandegiko festetako egitarauaren barruan, puzgarrien mosaikoa osatuko da 19:00etan.
  • Ekainak 10: Bilboko ekimena. Galdera ikur erraldoia osatuko da Bilboko kaleetan, Herritarron Ituna aurkeztuz. Autobusak 15:30etan abiatuko dira Azpeititik, eta izena erakusketa gunean eman behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide