Nahia Odriozola: "Ezusteko polita izan zen urrezko domina irabazi nuela entzutea"

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 23a

Gimnastika erritmikoan kadete mailako Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Nahia Odriozolak (Urrestilla, 2002). Banakako txapelaz gain, maila absolutuan zilarrezko domina ere jantzi zuen zapatuan Eibarren, Tolosako taldearekin. 9 urterekin hasi zen kirol horretan; igandean beteko ditu 15.

Nahia Odriozola 2016ko kirolari onenen sari banaketan, Mikel Ibarzabal zinegotziarekin. (Mailo Oiarzabal) Nola joan zen txapelketa? Bi aparaturekin aritu nintzen, sokarekin eta uztaiarekin. Sokan puntuazio onena lortu nuen, eta uztaian bigarrena. Bi aparatuen zenbaketarekin osatzen zen sailkapen nagusia, eta hor lehendabiziko tokian gelditu nintzen. Espero al zenuen irabaztea? Ez, ez nuen espero. Dominak banatzeko ekitaldiaren aurretik ez digute esaten nola gelditu garen. Orduan, urrezko domina irabazi nuela esan zuten arte ez nekien ezer. Ezusteko polita izan zen. Lehenengo urrezko domina izan al duzu? Bai, sailkapen nagusi batean, bai. Joan den urtean Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu nuen eta bietan gelditu nintzen bigarren sailkapen orokorrean. Berez hau dut kadete mailan lehendabiziko urtea, baina iaz ere kadeteekin lehiatu nintzen, infantila izan arren. Zer amets dituzu, aurrera begira? Ametsak, ez dakit. Baina datozen bi asteetan Euskadiko txapelketak izango dira, eta horietan ere ondo geratzea da nire asmoa. Igande honetan izango da taldekakoa, Durangon, eta ekainaren 3an banakakoa, baina oraindik ez dakigu seguru non egingo den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide