Euskarazko Internet Eguna ospatu dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 18a

Kalean bezala, Interneten ere lehen hitza euskaraz egiteak duen garrantzia nabarmendu zuten. Horrekin batera, fitxategiak partekatzeko 'Tori.eus' tresna aurkeztu zuten.

Euskarazko Internet Egunaren bigarren ekinaldia ospatu zuten atzo Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, PuntuEus Fundazioak antolatuta. Bertan izan ziren, besteak beste, Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendaria eta Lorea Arakistain fundazio bereko ordezkaria, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria... Miren Gaztañaga aktoreak eta Xabi Solano eta Zigor DZ musikariek ukitu ludikoa eman zioten ekitaldiari. Bertan, Interneten ere lehen hitza euskaraz lelopean abiatu duten kanpaina aurkeztu zuten,  ordenagailuak zein eskuko telefonoak euskaraz jartzearen garrantzia nabarmenduz. Horrekin batera, beste tresna bat ere aurkeztu zuen PuntuEusek: Tori.eus. Fitxategiak partekatzeko zerbitzua da. Badira Tori.eus-en antzeko webgune gehiago jadanik martxan —WeTransfer, adibidez—, baina bi aldaketa egin nahi dituzte Tori.eus-ekin. Batetik, doakoa izango da zerbitzu osoa. "Zerbitzu hauek, normalean, doako bertsio mugatu bat izaten dute, eta, funtzionalitate guztiak erabiltzekotan, ordainpeko bertsioa kontratatu behar da. Tori.eus-en kasuan, ez; erabiltzaileek ez dute muga berezirik izango doako bertsioa erabiltze hutsagatik, ez baita ordainpeko bertsiorik egongo", azaldu zuen PuntuEuseko ordezkari Lorea Arakistainek. Bestetik, euskarazko zerbitzua emango dute. "Hizkuntzaren ikuspegitik egitasmo berritzailea da. Era horretako zerbitzu gehienak ingelesez daude, eta bakarren batzuk, gaztelaniaz". Beste pauso bat da, beraz, Interneten euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko. Hona hemen atzoko ekitaldian hartutako irudiekin osatutako bilduma: [flickr_set id="72157680820133884"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide