Presoen errealitate gordinak azalera

Mailo Oiarzabal 2017ko maiatzaren 17a

Gaixotasun larriak, dispertsioak eta espetxe politikak barruan daudenei zein kanpokoei dakarzkien oztopoak, familien egoera, bergizarteratzearen zailtasunak... Gai asko landu dituzte Azpeitiko Sarek antolatutako mahai inguruan

Ezkerretik hasita, Haritz Arakistain, Ainhoa Aranburu, Maria Jesus Bernaras, Laxaro Azkune, Izar Arregi, Eneko Etxeberria eta Aitor Gorrotxategi Sanagustin kulturgunean, herenegungo mahai inguruan. (Mailo Oiarzabal) Euskal presoen egoeraren gainean salatzeko eta hausnartzeko dauden kontu asko azaleratu zituzten herenegun Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Sarek antolatutako Zer salatzen dugu? mahai inguruan, zapatuan Salatzen Dut Egunarekin amaituko den Salatzen Dut Hilabetearen barruan. Presoen egoerarekin lotutako hainbat hariri tiraka aritu ziren sei herritar: Gotzon Aranburu presoaren arreba Ainhoa Aranburu, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, EAJren udal bozeramaile Aitor Gorrotxategi, Maria Jesus Bernaras medikua, Izar Arregi psikologoa eta Haritz Arakistain Sareko kidea. Mahai ingurua gidatzen, berriz, Laxaro Azkune aritu zen. Larriki gaixo dauden presoen egoera izan da Sareren jardunaren ardatz nagusietakoa aspaldian, eta gai horixe izan zen Sanagustinen mahai gainera atera zuten aurrena. "Argi dago preso eta gaixo, elkarrekin oso ondo uztartzen ez diren bi gauza direla", esan zuen Azkunek, Maria Jesus Bernarasi hitza eman aurretik. Dituzten gaixotasun larriengatik kartzelatik kanpo behar luketen hamabi presoen kasuak azaldu zituen banan-banan medikuak; diagnostikoak, sintomak eta ondorioak xehetu zituen, baita kartzelan bizi dituzten baldintzek osasun egoeran nola eragin diezaieketen ere. Arakistainek nabarmendu zuenez, "horiek datu ofizialak dira, baina guztira 21 dira espetxeratuta dauden preso gaixoak". Bernarasen azalpenak entzunda, "egoera oso-oso larria" dela adierazi zuen Sareko kideak. "Argi daukagu preso horiek kalera irten behar direla sendatzeko, eta ez hiltzeko". Astebetean munduari 13,2 buelta ematen dizkiote presoen senideek eta lagunek, bisita guztien joan-etorrien kilometroak batuz gero. Euskal presoen %80 baino gehiago daude, gaur egun, beren etxeetatik 400dik gora kilometrora dauden espetxeetan. Sakabanatutako presoen artean daude Joseba Segurola Xegu (Lannemezanen dago, Frantzian), Josu Urbieta Pow (Poitiers-Vivonne, Frantzia) eta Gotzon Aranburu (Villena, Herrialde Katalanak) azpeitiarrak; Iñaki Etxarte, berriz, deportatuta dago, Kuban. Gotzon Aranbururen arrebak, Ainhoak, anaiaren egunerokoaz eta dispertsioak eta espetxe politikak senideengan duen eraginaz hitz egin zuen. Presoen familien "errealitateak desberdinak" direla aipatuz hasi zuen hitzartzea Aranburuk. "Batzen gaituena da senide bat daukagula kartzelan, eta haiei ezarritako neurri edota traba bereziei aurre egin behar diegula". Dispertsioa eta horrek dakartzan zailtasunak aipatu zituen; bidaia luzeak, istripu arriskuak eta kostu ekonomiko handia. "Kartzela barruko sakabanatzea" ere hizpide izan zuen: "Modulutan banatzen dituzte, gehienez bi-hiru euskal preso modulu berean, eta ezin dute harremanik izan beste moduluetan dauden kideekin". Presoen egunerokoa ez ezik, kartzela barruko banaketa horrek bisiten antolaketa ere zailtzen duela azpimarratu zuen Aranburuk; horrek, eta bisitarien kopurua murrizteak. "Lehen, nahi adina jenderekin osatu zitekeen lagunen bisita zerrenda. Orain, ordea, hamarrera murriztuta dago. Sei hilabetez, hamarreko zerrenda horretan daudenak bakarrik joan daitezke bisitetara. Ondo asmatu zuten, izorratzea nahi bazuten". 2002ko abendutik dago espetxean Gotzon Aranburu. Puskatuta Gurasoak preso dituzten haurren eta haurrak dituzten presoen egoera ere jorratu zuten mahai inguruan. Izar Arregi psikologoaren hitzetan, "ume jaioberri bat dagoenean, familia jaioberri bat ere badago". Guraso presoen kasuan, Arregirentzat "benetako arazoa eta puskaketa sakona egituran dago, ezinezkoa delako familia sortu berria bere funtzioak gauzatzen hastea". Guraso bakarreko familia gisa funtzionatzera derrigortuta daude kasu askotan, "baina ez dira guraso bakarreko familiak,  ezin dira horretara egokitu. Etengabeko larrialdi fasean bizi dira". Arregik dio aipatutako egitura arazoen gordintasuna presoek askatasuna berreskuratutakoan azaleratzen dela, "eta ez bakarrik guraso direnen kasuan". Presoak "psikikoki eta emozionalki puskatuta" ikusten ditu psikologoak, eta uste du hori are gehiago nabarmenduko dela "fase sozio-politiko berrian". Iritzi bateratua Politikoen txandan, gaiaren bueltan "iritzi bateratua" eman nahi izan zuten bi udal ordezkariek, Etxeberria alkatearen ahotik, udalean bertan adostutakoen ildotik. Udal politikan sentitzen duten "frustrazioa" nabarmendu zuen Azpeitiko alkateak, presoen inguruko "hariak udala baino askoz goragotik" mugitzen dituztelako. "Adierazpen politiko tinkoa egitea" eta egoerak familiei sortutako "kalte ekonomikoak eta pertsonalak neurri batean konpontzen" ahalegintzea dira, horrenbestez, udalak hartu ditzakeen eta hartzen dituen neurriak. Gorrotxategik eskerrak emateko hartu zuen hitza, "presaka bizi garen mundu honetan, gaiak oso gertutik ez zaituenean ukitzen, aurrera segitzen duzulako. Eta uste dut pertsona orok eseri eta gai honi buelta bat eman behar diola".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide