Unai Otaegi eta Ion Etxeberria: "Gazteei ondo etortzen zaizkie horrelako finalak, probatzeko"

Mailo Oiarzabal 2017ko maiatzaren 12a

Unai Otaegi eta Ion Etxeberria azpeitiar erremontistek VII. Sagardoaren Txapelketa irabazi zuten duela bi aste, Galarretan. Aurrelari gaztea eta atzelari beteranoa ondo moldatzen dira, kantxan eta bestela.

Ion Etxeberria (ezkerrean) eta Unai Otaegi, txapelak eskuetan. (Mailo Oiarzabal) Uztailean bost urte beteko ditu profesionaletan Unai Otaegik (Azpeitia, 1991), eta erremonteko ohiko jaialdietan laugarren partidak jokatzen ditu, normalean. Ion Etxeberriak (Azpeitia, 1983), aldiz, 14 urte pasa daramatza goi mailan, eta atzelari ezagunenetakoa da. Lehendik ere arituak ziren bikote gisara, baina inoiz ez irabazi berri duten VII. Sagardoaren Txapelketaren moduko lehiaketa nabarmen batean. 37-40 irabazi zieten Urrizari eta Azpirozi finalean. Ionentzat beste txapel bat izan da, baina pisuzko aurrenekoa Otaegirentzat. Aurreneko final handira iritsi eta txapela jantzi duzu, Unai. Zer moduzko esperientzia izan zen zuretzat? Polita, oso. Gainera, oso lan txarrak genituen, printzipioz behintzat. Baina dena ondo atera zen, eta esperientzia oso ona izan zen. Faborito ez izanda irabazteak hobetu egiten ditu sentsazioak, ala irabaztea beti da irabaztea? Unai Otaegi: Nik uste dut bietara antzekoa izango dela. Jokatzeko garaian izan daiteke desberdina, presio gutxiagorekin irten zaitezkeelako, gu irten ginen bezala. Ez dakit nola esan, baina uste dut beste era batera irteten zarela jokatzera. Hala ere, nahikoa ondo eramaten ditut horrelako egunak. Orain arte jokatu ditudan finaletatik, uste dut bakarra galdu dudala; iaz Ionekin Azpeitian jokatu nuena, hain zuzen ere. Nahikoa lasai egoten naiz, beldurrik gabe, txapela lortzeko obsesio handirik gabe. Ion Etxeberria: Nik ez nion begiratu ere egin faborito ginen ala ez. Ez diot sekula begiratzen, gainera. Momioei eta katedrari, ezta kasorik ere. Neure sentsazioak hartzen ditut kontuan, eta etxetik pentsatuta ekartzen dut, gutxi gorabehera, nola jokatu behar dugun, nola saiatu behar dugun gauzak egiten. Presioa, berriz, 34 urte egitear egonda... Azkenean, ikasi egiten duzu. Ez dauka zerikusirik bere egoerak [Otaegirenak], aurreneko final handia izateak, edo nireak. Beste era batera asimilatzen dituzu gauzak. Nik, lehen, final bat nuenean ez nuen aste osoan lorik egiten. Orain, patata zaku bat bezalaxe! Zaletuen babesik ez zenuten falta izan Galarretan. Antzeman al zenuten? I.E.: Jende gazteak eta berriak mugitzen ditu ikusleak horrelako finaletan. Gu ikusteaz nazkatuta daude denak! Eta Sagardoaren Txapelketako finalean ere antzeman zen hori, bai Otaegiren eta bai Azpirozen aldeko jarraitzaile mordoa elkartu zen. Egundoko giroa sortu zen. Gero, markagailua ere horrelaxe joan zen, orain batzuk aurretik eta gero atzetik. Azken momentura arte mantendu zen emozioa eta egon zen, bai, zarata pixka bat. U.O.: Nire lagun asko joan ziren frontoira, ekipoa nahikoa berandu osatu zuten arren. Ederra izan zen eta uste dut oso ondo pasatu zutela. Eta, Ionek esan bezala, partida bete-betekoa izan zen, erabat sartuta egon ziren, eta esan zuten oso arratsalde ederra pasatu zutela. Parekatua izan arren, azken txanpan markagailuan zulotxoa egitea lortu zenuten, baina bukaerarako dezente gerturatu zitzaizkizuen. Nola bizi izan zenituzten une horiek? I.E.: Hamar bat tanto aurretik jarri ginela uste dut, bai. Gero, hasi zen Otaegi barregarri geratzen, eta... Kar, kar, kar. U.O.: Igoal benetan esango zuen hori, e? I.E.: Material lehorra atera zuten haiek eta hortxe harrapatu gintuzten. Baina bukaeran, berriro gure materialarekin, lortu genuen eustea. Uste dut ondo irabazi genuela. Egindako tantoak eta borrokatuak gehiago izan ziren, huts egindakoak baino. U.O.: Beraiek hartu zuten jokoaren ekimena tarte hartan, eta horri geure beste pare bat kale gehituta... Erremontean ez dira gauza asko behar izaten tantoa egiteko. Nolakoa izan zen finalera iritsi arteko zuen ibilbidea? U.O.: Txapelketa erregularra osatu dugula uste dut. Lehenengo partida galdu genuen, eta gero, goraka joan gara. Bat kenduta, partida denak estuak izan dira. I.E.: Bai, eta ondo jokatutako partidak izan dira. Gainera, uste dut Unaik hasieratik bukaerara egundoko jauzia egin duela, eta bide horretatik segitu behar duela, txorakeriak alde batera utzita. Gazte hauei ondo etortzen zaizkie horrelako txapelketak beren burua probatzeko, normalean jokatzen ez duten jendearekin lehiatzeko eta konfiantza pixka bat gehiago hartzeko. Azkenean, poza da Urriza baten kontra lehen aldiz jokatzea, adibidez; eta irabaztea, gainera. U.O.: Ilusioa egiten du, bai, aurrera begira lanean jarraitzeko. Aurreneko aldia nuen Urrizaren kontra eta oso gustura sentitu nintzen. Errespetu handiarekin joan nintzen, erraz gerta zitekeelako hura gainetik ibiltzea. Baina ez zen hala gertatu. Ionek ere lan asko egin zuen, eta ez zion utzi nahi zuen bezala jokatzen. Zer nabarmenduko zenukete batak bestearengandik, erremontista bezala? Indarguneak, ahulguneak... I.E.: Ni ahulguneekin hasiko naiz, eta bakarra ikusten diot. Momentu batzuetan, kontzentrazioak egiten dio huts; egin behar dituen gauzak egiteari utzi eta gauza arraroak egiten hasten da. Atzetik ni bezalako egoskor bat jarriz gero, gainean, erakutsi du lehen mailako pilotarien kontra jokatzeko kapaz dela, eta asko joka dezakeela. U.O.: Ba nik gauza onak esango ditut. Oso hanka indartsuak dauzka, eta oso azkarrak, gainera. Gero, beti edo ia beti ondo kokatuta egoten da kantxan, eta horrek asko balio du erremontean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide