Hilaren 16an hasiko da Azpeitiko futbitoko txapelketa herrikoia

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 11

Azkenean, Betherrametako jolastokian jokatuko dituzte partidak, astelehenetik ostiralera. Maiatzaren 1eko astean ziren txapelketarekin hastekoak, baina partidak jokatzeko lekua zehazteak atzeratu du data.

Azpeitiko Sarek antolatutako futbito txapelketa herrikoia asteartean, hilaren 16an, hasiko da, eta Betherrametako jolastokian jokatuko da. Hasiera batean, maiatzeko aurreneko astean ziren txapelketa martxan jartzekoak, baina antolatzaileek arazoak izan dituzte partidak jokatzeko lekua zehazterako orduan. Izan ere, urtero Betherrametan jokatzen da futbito txapelketa herrikoia, baina aurten, eraikina obretan dagoenez, ez zuten bermatuta partidak jokatzeko lekua. Azkenean, Udalarekin harremanetan egon ostean, Betherrametako jolastokian jokatzea adostu dute. Sareko kideek azaldu dutenez, "leku gutxiago" izango dute partidak jokatzeko, "obretara moldatu" behar izan dutelako. Futbol partidak astegunetan jokatuko dituzte, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Maiatzeko azken ostiralean ez da partidarik egongo.

Hamabi talde lehian

Aurtengoan hamabi taldek eman dute izena futbito txapelketa herrikoian, eta bi multzotan banatuko dira horiek Hala, sei taldeko bi multzotan jokatuko dute txapelketa. Multzo bakoitzean partida gehien irabazten dituzten bi taldeak ligara sailkatuko dira, eta gainerako lau taldeek kopa jokatuko dute. Multzo bakoitzean, ligan zein kopan, nabarmentzen diren bi taldeek jokatuko dute finala ekainaren 24an, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide