Jada eman daiteke izena Salatzen Dut Eguneko kros herrikoian

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 20an izango da Sarek antolatutako Salatzen Dut Eguna. Kroserako izena Azpeitiko nahiz Azkoitiko hainbat tokitan nahiz Interneten eman daiteke. 5,6 kilometroko proba 11:00etan hasiko da plazatik.

Dagoeneko zabaldu dute maiatzaren 20an Sarek antolatuta Azpeitian egingo den Salatzen Dut Eguneko kros herrikoian. Kros horren bigarren edizioa izango da, eta antolatzaileek 5,6 kilometroko ibilbidea prestatu dute. 11:00etan izango da lasterketa, plazatik hasita, eta toki berean bukatuko da proba. Hainbat tokitan eman daiteke lasterketarako izena. Azpeitian Orkatz tabernan, igerilekuan zein Aitzaki eta Aradi kirol dendetan dago horretarako aukera, Azkoitian Elkargunean, eta Internet bidez, www.kirolprobak.com atarian. Aurrez izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dute. Internet bidez izena emateko azken eguna maiatzaren 18a izango da, eta Azpeitiko zein Azkoitiko toki jakin horietan izena ematekoa, maiatzaren 19a. Egunean bertan ere eman ahalko da izena 09:30etik 10:30era bitartean, plazan. Parte-hartzaileek egunean bertan jaso beharko dituzte dortsalak, 09:30etik 10:30era bitartean, plazan. Lasterketan parte hartzen duten guztiek hamaiketakoaz gozatzeaz gain, oparia eskuratuko dute. Gainera, dutxatzeko aukera izango dute horiek, Izarraitz pilotalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide