44na urteko espetxe zigorra ezarri diete Beñat Aginagalderi eta Joanes Larretxeari, Inaxio Uria hiltzea leporatuta

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 3a

Espetxe zigorraz gain, Uriaren alargunari eta seme-alabei 400.000 euroko kalte ordaina ordaintzea eskatu du Auzitegi Nazionalak bi ETAko kideentzat.

Inaxio Uriaren hilketaren urtemugan 2013an egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Hitza) Espainiako Auzitegi Nazionalak 44na urteko espetxe zigorra ezarri die Beñat Aginagalderi eta Joanes Larretxeari, 2008an Inaxio Uria Altuna y Uria enpresako burua tiroz hiltzea leporatuta. Azpeitian, Loiola auzoan, izan zen atentatua; hain zuzen ere, Altuna y Uria enpresaren bulegoen ondoan. Abenduaren 3a zen, eta ETAk bere gain hartu zuen hilketa 2009ko urtarrilean, "AHTaren lanetan bereganatutako erantzukizunagatik" eta "ETAren zerga iraultzailea" ez ordaintzeagatik hil zuela argudiatuta. Espainiako auzitegiak, hilketa terrorista delitua egotzita, 25na urteko kartzela zigorra ezarri die Aginagalderi eta Larretxeari; legez kanpoko atxiloketa terrorista egotzita 12 urtekoa; helburu terroristekin autoa lapurtzeagatik 4 urte eta 6 hilabetekoa; eta kalte terroristak eragiteagatik 2 urte eta 6 hilabetekoa. Joan den martxoaren 28an epaitu zituzten Aginagalde eta Larretxea Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Espetxe zigorraz gain, bi ETAko kideek Uriaren alargunari eta haren seme-alabei 400.000 euroko kalte ordaina ematea erdietsi du Auzitegi Nazionalak. Epaimahaiaren arabera, Aginagaldek, Larretxeak eta Manex Castrok Ezuste komandoa osatu zuten 2008ko abuztutik 2009ko martxora bitartean. Ertzaintzak desegin zuen talde hura. Inaxio Uria enpresaburuaren hilketa ez ezik, Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketa ere egotzi zieten komando horretako kideei. Hiru lagunak preso daude. Castro lehenago zigortu zuten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide