Ezkerretik eskubira, Josu Waliño PuntuEus-eko ordezkaria, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea eta Lorea Arakistain PuntuEus-eko ordezkaria. (PuntuEus)
Gaur, hilak 3, zabaldu dute maiatzaren 17an Azpeitian ospatuko den Euskarazko Internet Egunean parte hartzeko izena emateko epea. Azpeitiko Kulturaz Kooperatiba eta PuntuEus Fundazioa dira aurten Euskarazko Internet Eguneko egitaraua osatzearen arduradunak, eta horretarako elkarlan proiektua abiatu zuten duela hilabete batzuk, Azpeitiko hainbat elkarte, eragile eta norbanakoren parte-hartzearekin.
Egitasmoaren xedea da Interneten euskarazko edukien sustapenean eragitea. Horretarako, elkarlanean landutako proiektua aurkeztuko dute PuntuEus Fundazioak, CodeSyntaxek, Kontseiluak eta Ikastolen Elkarteak. Oraindik ez dute jakinarazi egun horretarako prestatu duten egitaraua, baina ekitaldi nagusia Sanagustin kulturgunean egingo dutela aurreratu dute, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Interesa dutenek, domeinuak.eus webgunean egin dezakete izen-ematea.
Interneten Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a, eta data hori aukeratu dute Euskarazko Internet Eguna ospatzeko. Aurtengoa PuntuEus Fundazioak Euskarazko Internet Eguna ospatuko duen bigarren urtea da.