Zabalik dago Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak martxan jarritako Sorkuntza Bekara proiektuak aurkezteko epea. Gaurtik hasita ekainaren 3ra arteko epea izango dute sortzaileek proiektuak aurkezteko. 16 urtetik gorako edonork aurkez ditzake lanak bekara, eta aurten, aurrenekoz, Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute horretarako aukera. Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete (musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunekoa, dantza...), baina laguntzak banatzerako orduan kontuan izango dituzte, besteak beste, proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea eta Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena. Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake bekara, baina sortzaileko gehienez bi proiektu lagunduko dituzte diruz.
Iaz banatu zuten aurrenekoz Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, kultur sorkuntza bultzatzeko gelburuarekin. Orduan hamar proiektu aurkeztu zituzten, eta bost lagundu zituzten diruz. Guztira, 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta aurten diru partida hori bikoiztu dute Azpeitiko udalak eta Kultur Mahaiak. Modu horretan, 12.000 euro banatuko dituzte aurtengo Sorkuntza Bekara aurkezten diren lanen artean.
Honakoak dira Sorkuntza Bekara lanak aurkezteko oinarriak:
- 16 urtetik gorako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu proiektuak.
- Edozein kultur arlotako proiektuak lagunduko dira diruz.
- Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake, baina gehienez bi proiektu lagunduko dira diruz.
- Kontuan hartuko dira proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea, Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena, eta genero ikuspegia eta bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenak ere kontuan hartzea.
- Proiektuak aztertzeko sei laguneko taldea eratuko dute Udalak eta Kultur Mahaiak hiruna kiderekin.
- Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea baloratuko da; baina Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute beka jasotzeko aukera.