Bidegorria errepidearen ondoan margotu dute. (Ihintza Elustondo)
Iazko urrian hasi zituzten Artzubia etorbidea eta San Martin estrata
bizikletentzat egokitzeko eta gune hori konpontzeko obrak, Udalerriko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan herri barruko bidegorri sarea osatzeko. Behin San Martin egoitzaren pareko lanak bukatuta, urtarrilean hasi ziren Artzubiko zatiari zegozkion obrekin, eta dagoeneko margotu dute bidegorria errepidetik espaloiko zuhaitzetara arteko zatian. Egoitzaren ondoan dauden zuhaitzen eta errepidearen artean margotuko dute zorua, bizikletentzat. Aldiz, zuhaitzen eta egoitzaren arteko guneak oinezkoentzat izaten jarraituko du.
Artzubia 11 eta 13 etxeen atarietan, berriz, espaloi estua dagoenez, eta errepideak espaloia zabaltzeko aukerarik ematen ez duenez, oinezkoek izango dute lehentasuna gune horretan. Artzubia 13tik zezen-plazara arteko zatian, berriz, bi metroko zabaleradun bidegorria egingo dute, eta beste bi metroko gunea izango dute oinezkoek. Bidegorri zati berriak Enparan Dorretxearen aurreko bidegorria eta Landetakoa lotu ditu.
Bidegorriaren lanak aprobetxatu dituzte gune horretako argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrizitate azpiegiturak berritzeko eta egokitzeko. Obrek, guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute.