Leire Ostolaza Azpeitiko Erniarraitz Bertso Elkartean entseatzen. (Ainitze Agirrezabala)
Behin ikasiz gero, luzaroan erabili gabe egonagatik, sekula ahazten ez den kontua da bizikletan ibiltzea. Bertsoarekin ere halako zerbait gertatzen dela esatea ez da gehiegi puztea. Hitzak josiz bertsoa osatzeko etorria duenak, nahiz eta ariketa horiek denboran baztertuta izan, herdoila aise galtzen du. Halako zeozer gertatu zaio Leire Ostolaza (Azpeitia, 1978) bertsolariari. Dozena bat urte eman ditu oholtzara igo eta bertsotan egin gabe, baina Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan parte hartzen ari da, Azpeitiko Erniarraitz 1 taldearekin. Eta saioz saio langak gainditzen joan ostean,
finalaurrekorako txartela eskuratu dute.
Gipuzkoan herriartekoa antolatzen duten bigarren aldia da aurtengoa, eta, hain zuzen, Ostolazak lehenbiziko hartan ere parte hartu zuen. "Duela 17 urte, 1999an, Sebastian Lizasorekin, Haritz Etxeberria Ministrorekin eta Andoni Larrañagarekin kantatu nuen, eta orduan ere finalaurrekora iritsi ginen". Bigarren edizio honetan parte hartzera Beñat Lizasok zirikatuta animatu da Ostolaza. "Uda ondorenean komentatu zidan Beñatek herriartekoa zetorrela eta elkarrekin kantatu behar genuela. Ni animatzen ez banintzen berak ere ez zuela kantatuko bota zidan, eta beharko baietz esan".
Taldean giro aparta
Jokin Uranga, Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria Ministro ditu taldekideak, eta txapelketan orain arte egindako lanaren inguruan galdetuta, "balorazio oso ona" egiten du Ostolazak. "Bertsotan nahikoa ondo aritu gara. Lau saio jokatu ditugu dagoeneko, eta, azken aurrekoa, Alegiko Zazpi astoren gainean taldearen kontrakoa, estua izan zen oso. Berdinketarekin itzuli ginen etxera, eta, ondoren, Azkoitian Xenpelar taldea garaituta lortu dugu finalaurrekora sailkatzea". Azpeitiarrak dio jendaurrean kantatzeak beti jarri izan duela "urduri", baina esan du "saio txukunak egitea eta entzuleak gustura geratzea lortu" dutela.
Urteak dira lau lagunek elkar ezagutzen dutela, "ondo, gainera", dio. 16 urterekin hasi ziren elkarrekin bertso eskolan, eta, geroztik, bertsoa aitzakia, askotan elkartu ditu kantuak. "Niretzat txapelketa honen gauzarik ederrena horixe da, berriz ere laurok elkartu garela. Soinean urte batzuk gehiagorekin, baina betikoak izaten jarraitzen dugu".
Puntuazioa ahaztuta
Txapelketaren ardatza "lehia baino gehiago gozamena" dela dio azpeitiarrak: "Izugarri polita litzateke finala herrian bertan izanik hara sailkatzea, baina ez gara igo oholtzara puntuak batzeko afanarekin. Egia da, herri bat bestearen kontra lehiatzen ari garenean, nahi gabe ere sortzen dela halako pike sano bat irabaztera bultzatzen zaituena, baina helburua ez da puntuak batzen erotzea; disfrutatzea, baizik, eta horretan ari gara". Herrietako bertso mugimendua "sustatzea" du helburu txapelketak Ostolazaren esanetan. "Azpeitia beti izan da herri bertsozalea. Garai batean, edozein entzuten zenuen bertsotan parrandan. Nik uste dut txapelketa hau berriro antolatu dela, hain zuzen ere, herrietako bertsotarako zaletasun hori berpiztu nahi delako eta bertsoaren bueltan aritzen direnen artean harremanak saretu nahi direlako".
Herriartekoan, guztira, Gipuzkoako 38 taldek parte hartu dute –Erniarraitzko lauk, hain zuzen ere–, eta txapelketa azken hondarrera ari da iristen. Guztira, lau talde sailkatu dira finalerdietara, eta hil honen 6an eta 13an jokatuko dituzte horiek: lehen hitzordua Alegiko pilotalekuan da, eta azpeitiarrek Zizurkilgo eta Asteasuko bertsolariek osatzen duten Karidadeko Benta taldearen kontra neurtuko dituzte hitzak, 17:30etik aurrera. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Bergarako pilotalekuan jokatuko da, eta Gabiriako Osinalde eta Amasa-Villabonako Am...ona taldeak izango dira aurrez aurre, 17:30ean hasita.
Finalerdi horietan gailentzen diren bi herriek maiatzaren 27an jokatuko dute finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 17:30ean izango da saioa, eta, ondoren, Sanagustin kulturgunean afaria egingo dute. Finalerdietarako eta finalerako sarrerak nahiz afarirako txartelak salgai daude
www.bertsosarrerak.eus webgunean.