Ekain Ibarguren, 'Lore': "Biharko ikuskizunak umorea baino heziketa du oinarri"

Urola Kostako Hitza 2017ko api. 28a, 19:14

Pupu eta Lorek Haizearen herrira ikuskizuna eskainiko dute bihar, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian. Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996) hezurmamitzen du Lore, eta rol horretan herrian arituko den aurreneko aldia izango da biharkoa.

"Urduri" dago Ibarguren; izan ere, badaki bihar oholtzara igoko dena ez dela Ekain Txou, eta jendeak hori argi izan dezan nahi du. Nola jaso zenuen Loreren papera egiteko gonbidapena? Denbora da Pirritx, Porrotx eta Marimotots ezagutzen ditudala, Azpeitian ikuskizunak eskaintzen zituzten aldietan Txantxa Algarakook beraien aldageletara sartzen ginelako. Iaz, Joxe Mari Agirretxe Herri Hezitzaileen inguruko solasaldi bat eskaintzera etorri zen Sanagustinera, eta ni hura agurtzera sartu nintzen. Nire pailazo koadernoa nuen eskuetan, bertan idazten ditut Ekain Txou ikuskizunerako ditudan ideiak eta bestelakoak. Koadernoa erakutsi nion, eta azken orrian bere sinadura utzi zidan, baita bere helbide elektronikoa eta telefono zenbakia ere. Nire ikuskizunaren [Ekain Txou] inguruko informazioa bidaltzeko eskatu zidan Agirretxek. Bidali nion, eta bi astera deitu zidan Loreren papera egin nahi al duen galdezka. Bi aldiz pentsatu gabe eman nion baiezkoa eskaintzari. Baiezkoa eman ostean... Bilera batzuk egin genituen aurrena, eta bertan azaldu zidaten zein izango zen nire egitekoa eta zein izango zen gidoia. Entseguen inguruan hitz egin genuen, baita agenda prestatu ere. Andoainen hasi ginen entseatzen eta hurrengoak Belauntzan egin genituen. Aurreneko emanaldia, aldiz, Sopelan eskaini genuen. Argiak, atrezzoa, jantziak... kontu horiek berriak ziren zuretzat. Mota horretako ikuskizuna eskaintzen zenuen aurreneko aldia zen. Oholtzara irteterako orduan, zer zen sentitu zenuena? Ez nengoen urduri, lasai irten nintzen ikuskizuna eskaintzera; izan ere, oso fresko geneukan gidoia, entseguak orduan bukatuta genituen. Beste ikuskizun bat gehiago izango balitz gisan irten nintzen ikusleen aurrera. Lore hezurmamitzen duzu. Nolakoa da Lore? Pupuk eta Lorek ez dute sexurik. Hau da, Pupu ez da mutil bat eta Lore ez da neska bat, bi nortasun mota irudikatzen dituzten pertsonaiak dira. Pupu beti jolasean eta bihurrikerietan dabil. Lore, aldiz, goxoagoa da, zintzoagoa. Elkarrizketa osorik, Uztarria Komunikazio Taldearen webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide