Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeen Txokoan ikuskizun berezia prestatu dute ostiralerako. Neskafreskak izena jarri diote 19:30ean hasiko den saioari. Umorezko bakarrizketen bueltan osatu dute; herriko emakumeek sortu dituzte bakarrizketen testuak, eta herriko emakumeek plazaratuko dituzte.
Joan den udazkenean bete zituen bost urte Azpeitiko Emakumeen Txokoak, eta ikasturte osora zabaldu dute urteurrena ospatzeko egitaraua. Neskafreskak ere hor kokatzen da. "Urteurrena aitzakiatzat hartuta, pentsatzen jarri ginen emakumearen parte hartzea eta sormena lotuz zer egitasmo gara zitekeen. Horrela, emakumeen ikuspuntutik sortutako umorea lantzen hasi ginen", azaldu du Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak.
Bospasei laguneko taldea aritu da azken hilabeteetan umorezko testuak lantzen. Pare bat monologo osatu dituzte eta horiek dira bihar emango dituztenak. "Ia urte osoko lana" izan dela azaldu du Egigurenek, baina nabarmendu du Neskafreskak-en berezitasuna dela "emakumeak ausartu direla umorea egiten, eta plazaratzen ere bai". Horrela, bi azpeitiarrek aurkeztuko dituzte bakarrizketak jendaurrean; izenik ez dute aurreratu nahi izan antolatzaileek, ikusmina sortze aldera. Beatriz Egizabal ipuin kontalariak osatuko du emanaldia.