Etxeberria eta Uranga Realarekin aritu ziren asteburuan. (Lagun Onak)
Joan den asteburuan II. Nescup infantil mailako futbol txapelketa izan zen Tolosan, eta maila horretako nesken zortzi talde aritu ziren lehian. Azpeitiko Lagun Onak taldeak ere parte hartu zuen txapelketan, eta talde horretako jokalariez gain, beste bi azpeitiar ere han izan ziren Realarekin. Hain zuzen ere, Nahaia Etxeberria eta Haizea Uranga azpeitiarrek talde zuri-urdinarekin jokatu zuten txapelketa.
Realak finalerako txartela lortu zuen, baina txapelketaren azken partidan ezin izan zuten Osasuna mendean hartu, 4 eta 0 nagusitu baitzen Nafarroako taldea. Lagun Onakek, berriz, ez zuen final laurdenetara sailkatzea lortu, lautik bi partida galdu baitzituzten Azpeitiko neskek. Lehen neurketa Tolosaren aurka jokatu eta 2 eta 0 galdu zuen Lagun Onakekoek, eta bigarrenean, Realarekin neurtu zituzten indarrak. Partida hura ere galdu egin zuten, 3 eta 0. Hirugarren eta laugarren norgehiagokak 2 eta 0 irabazi zituzten Azpeitiko neskek, Aurrera Vitoria eta Mulier taldeen aurka, hurrenez hurren.