Erabili gabeko bizikletak Elkargunera eramateko deia egin du Elkar-Ekinek

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 26a

Azpeitiko garajeetan "ehunka" bizikleta erabili gabe daudela uste du Azpeitiko Elkar-Ekin taldeak, eta horri irtenbidea emateko, Elkargunean bizikletak bilduko dituzte datozen asteetan. Adierazi dute Elkargunean bizikletak "produktu preziatuak" izan ohi direla: "Herritar asko dator Elkargunera bizikleta bila, aldiz gutxi dira bizikletak bertan uztera datozenak. Etxe batzuetan falta eta besteetan soberan. Soluzio erraza ikusten diogu guk egoera honi". Hala, erabiltzen ez diren bizikletak Elkargunera eraman ditzaten animatu dituzte herritarrak, eta esan dute mota guztietakoak izango direla ongi etorriak. Dena den, bizikletak erabilgarri egon daitezen eskatu dute. Interesa duenak bi modutara utzi dezake bere bizikleta Elkargunean. Batetik, modu merke batean saltzeko aukera izango dute, eta nahi duenak donazio bezala utzi dezake. Ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era irekitzen dute Elkargunea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide