Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarrak ezin izan du Osinalde sariketa irabazi

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 23a

Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi zuen atzo Gabiriako Osinalde elkartean jokatu zen finala. Bigarren egin zuen Maider Arregi oñatiarrak, eta bertso onenaren saria Maialen Akizu urretxuarrak jaso zuen. 2015etik iritsi da azpeitiarra Osinalde sariketaren finalera.

Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi zuen atzo Gabiriako Osinalde elkartean jokatu zuten 46. Osinalde sariketaren finala. Han izan zen Jon Gurrutxaga Erniarraitz bertsozale elkarteko kide azpeitiarra ere, baina ez zuen saioa irabazterik lortu. Bigarren egin zuen Maider Arregi oñatiarrak, eta bertso onenaren saria Maialen Akizu urretxuarrak eskuratu zuen. Saioaren aurretik afaria egin zuten elkartean dozenaka lagunek, eta 22:30ean hasi zen finala. Hiru kanporaketatatik sailkatutako sei bertsolari aritu ziren atzokoan nor baino nor lehian: Aztiria saioan sailkatutako Aratz Igarzabal (Gabiria) eta Eneko Araiztegi (Segura); Argi Berri saioan sailkatutako Maider Arregi (Oñati) eta Maialen Akizu (Urretxu); eta Osinberden sailkatutako Unai Mendizabal (Zizurkil) eta Jon Gurrutxaga (Azpeitia). Gurrutxagak bigarren egin zuen Osinberde kanporaketan, eta finalerako txartela eskuratu zuen joan den martxoaren 8an, Zaldibian. Azpeitiarra 2015ean sailkatu zen aurrenekoz Osinalde sariketako finalera, eta, orduztik, urtero izan da txapelketako finalisten artean. Oraindik ez du sariketako txapela janzterik lortu azpeitiarrak. https://www.youtube.com/watch?v=hozIjhi2CL4

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide