Espainiako Urrezko LEB Mailan ariko da Sammic ISB datorren denboraldian

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 16a

Carrefour El Bulebar de Avila taldeari 45 eta 60 irabazi dio Azpeitiko taldeak gaur, eta garaipen horri esker eta sailkapeneko bigarrenak partida galdu egin duenez, zuzenean mailaz igotzea lortu du. Zale ugari izan da gaur Avilan Azpeitiko taldea animatzen. Partida bat falta zaio ISBri Espainiako Zilarrezko LEB Mailako denboraldia bukatzeko, eta etxean jokatuko du datorren asteburuan.

ISBko jokalariak, klubeko kideak eta zaleak Avilan. (ISB) Datorren urtean Espainiako Urrezko LEB Mailan ariko da Azpeitiko Sammic ISB taldea. Gaur, igandea, jokatu du ligako azken aurreko neurketa etxetik kanpo, Carrefour El Bulebar de Avila taldearen kontra, eta 45 eta 60 nagusitu dira Iker Buenoren mutilak. ISBko mutilen lehen taldeak neurketa irabazteaz gain, Cambados Cidade Europea do Viñek Valladolideko Comercial Ulsaren aurkako norgehiagoka galdu behar zuen mailaz zuzenean igotzeko, eta hala izan da; izan ere, Cambadosek 59 eta 63 galdu du etxean jokatutako partida. Gainera, zaleen laguntzarik eta berotasunik ez dute falta izan ISBko jokalariek gaurko neurketan, dozenaka lagun joan baitira Azpeitik Avilara taldea animatzera. Gaurko emaitzak tarteko, Espainiako Zilarrezko LEB Mailako 2016-2017 denboraldia lehen postuan bukatuko du Azpeitiko taldeak, eta lehen postu horri esker, mailaz zuzenean igoko da Azpeitiko taldea. Espainiako saskibaloiko bigarren mailako liga da Zilarrezko LEB Maila; ACB Ligaren azpikoa, hain zuzen. Denboraldian zehar jokatutako 29 partidatatik 22 irabazi ditu Sammic ISBk, eta denboraldi oso ona egin du gizonen lehen taldeko jokalariek. Datorren astean Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Sammic ISBk denboraldiko azken neurketa, Seguros Soliss Alcazar Basket taldearen aurka. Lasai kantxaratuko dira Buenoren mutilak, dagoeneko lortu baitute mailaz igotzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide