Azpeitiko Sarek paella txapelketa antolatu du aurtengo Salatzen Dut Egunerako. Maiatzaren 20an ospatuko dute presoen eskubideen aldeko egun Azpeitian, eta egun horretako egitarauan izango diren berrikuntzetako bat da paella txapelketa.
Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea binaka egitea gomendatzen du Azpeitiko Sarek. Paella egiten duten bi lagunek herri bazkarirako txartela doan izango dute, eta beraiek prestatutako paella beraiekin doazen lagunek jateko aukera izango dute. Sei edo zortzi lagunentzako paella prestatu beharko dute parte-hartzaileek, eta paellera, arroza eta osagarriak beraiek eraman beharko dituzte. Azpiegitura (sua, haima...), antolatzaileen esku egongo da. Plazan izango da txapelketa, 13:00etan hasita.
Izen-ematea zabalik
Dagoeneko zabalik dago paella txapelketan izena emateko epea, eta Orkatzen, Sanagustin kulturgunean zein
azpeitikosareherritarra@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea. Horretarako azken eguna maiatzaren 15a izango da.
Egun horretan, antolatzaileek eta parte-hartzaileek bilera egingo dute 21:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Bertan, txapelketara begirako xehetasunak eta antolaketa kontuak izango dituzte hizpide.