Baionara joateko eta "elkarrekin bakea eraikitzen hasteko" gonbidapena egin die Azpeitiko EH Bilduk herritarrei

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 7a

Bihar, apirilak 8, ETAren armagabetze ekitaldia izango da Baionan, eta bertara joateko dei egin die Azpeitiko EH Bilduk herritarrei. Biharkoa, Euskal Herriaren historian "egun garrantzitsua" izango dela esan du EH Bilduk: "Egun historikoa eta garrantzitsua izango da euskal herritarrontzat, eta Baionara joateko gonbita egin nahi diegu azpeitiarrei. Gu han izango gara. Denbora luzez itxaron dugun albistearen parte izan nahi dugu, eta bakearen artisauek azaldutako ausardiari eta hartutako bideari gure babesa azaldu nahi diegu".

Horrez gain, gizarte zibila "herritar orok" osatzen dutela esan du Azpeitiko EH Bilduk, eta bihar norbanako guztiak armagabetzearen protagonista izango direla azpimarratu du.

"Biharkoak fase baten itxiera suposatuko du, baina halabeharrez eta nahitaez beste bat ireki beharko luke: euskal presoen gaia konpontzearena, bizikidetzarena, erabateko bakearen alegia. Urratsak emateko ordua da", adierazi du koalizioak.

Azpeitian 11:00etan izango da anbulatorio aurrean Baionara joateko autobusa. Azpeitia eta Hazparne lotzeko ibilaldearen erdian ere Baionara joateko autobusa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide