Aste Santuaren izaera turistikoa azpimarratu du Azkoitiko Udalak Foru Aldundian

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 7a

Azkoitian Aste Santuak duen interes historikoa, turistikoa eta erlijiosoa "ukaezina" dela azpimarratu du Javier Zubizarreta alkateak.

Geroz eta gertuago dago Aste Santua, eta gaur, ostirala, Azkoitian egun horietarako prestatu duten eskaintzaren berri eman du Javier Zubizarreta alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundian. Donostian egin du agerraldia Zubizarretak, Denis Itxaso Turismo diputatuarekin, eta Hondarribiako zein Segurako udal ordezkariekin batera; hirurek aldarrikatu eta azpimarratu dute Aste Santuaren izaera turistikoa. Javier Zubizarretak adierazi duenez, "Azkoitian Aste Santuak duen interes historiko, turistiko eta erlijiosoa ukaezina da. Duen izaera herrikoiak eta antolakuntzan parte hartzen duten 300 boluntarioek jatorria XVI. mendean duten irudikapen liturgikoak tradiziozko hitzordu bihurtzen dituzte". Horrez gain, Aste Santurako prestatu duten egitarauaren inguruan errepasoa egin du Zubizarretak, eta hainbat xehetasunen berri eman du: "Ostiral Santu eguneko bi prozesioak aipatzekoak dira. Arratsaldekoa Jesusen Nekaldi eta Heriotzarena da. 13 pauso ateratzen dira eta 18:00etan hasten da. Gauekoa, 21:30ean ateratzen da, Hilobirako Prozesio Santua. Ehunka azkoitiarrek hartzen dute parte desfilean kandelak eskuetan hartuta. San Frantziskoko ermitara joaten dira Ama Doloretakoari abestera". Aurtengoan, 'Jesus gurutzea bizkarrean daramala' pasoa emakumeek eramango dutela azaldu du Azkoitiko alkateak. Izan ere, iazkoa izan zen emakumeak pausua eramaten irteten ziren aurreneko aldia.  "Iaz atera ziren estrainakoz emakumeak pausua eramaten, baina proba gisa tarte batean bakarrik eraman zuten irudia, gai ote ziren ikusteko ; izan ere, figura batzuk oso-oso astunak dira". Prozesioan irtengo diren lau emakumeen adierazpenak jaso ditu Urola Kostako Hitzak. Erreportajea, hemen . Bestalde, urteak aurrera egin ahala prozesioetan izan diren hainbat aldaketen berri ere eman du Javier Zubizarretak gaurko agerraldian, eta esan du garai batean, kale edo auzo bakoitzak bere pausoa zuela eta irudi haren atzetik auzotarrak joaten zirela prozesioan. Baina gaur egun, "herriko elkarteak dira irudi gehienak ateratzearen ardura dutenak", azaldu du Azkoitiko alkateak. Bisita gidatuak Loiolatik Aste Santuko ospakizunen osagarri, Azkoitiko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu "herriko ondare historikoa, artistikoa zein kulturala balioan jartzeko", eta horien berri ere eman du Javier Zubizarretak gaurko agerraldian. Hala, aipatu du Loiolako Santutegitik autobus zerbitzua jarriko dutela turistak Azkoitira hurbiltzeko. Aste Santuko Azkoitiko egitaraua ikusteko egin klik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide